2009-09-24

Horren ohiko zaigun HERIOTZAri

Behin, batek, jolas bat egin zuen berak galderak egin, eta nik emandako erantzunekin. Psikologoa izatera jolastu zuen berak, eta nik egin nituen azkenean, psikologo lanak, neure buruarekin.
Ipuin moduko bat kontatu zidan. Txikitan liburutegietan hartzen nituen moduko ipuin horietako bat. Oroitzen al dituzue? Motz-motzak izan ohi ziren. Gainontzeko ipuinak bezala, "Bazen behin" batekin hasi ohi ziren. Baina zerbait gertatu orduko, aukeratzeko egoera desberdinak agertu ohi ziren. Ipuinak, neuk nahi duen moduan jarraitzeko aukera ematen zidan. -Horixe zen niri gustatzen zitzaidana-

Bada, horrelako zerbait egin zidan hark. Eta nik emandako erantzunen arabera, esan zidan nolakoa nintzen, nolako izan nintekeen, edo eman zizkidan berak zenbait arrazoi, pentsatzeko gero nik, nolakoa naizen. Nola ikusten ditudan gauzak. Nola eragiten didaten.

Ipuinaren bukaeran, irla batean nengoela, harresi handi bat aurkitu nuela kontatu zidan lagunak. Eta galdetu zidan, nolakoa uste nuen izango zelan harresiaren beste aldean zegoena. Nik segituan erantzun nion galderari.
"Beltza. Iluna da beste aldean dagoena. Aspaldiko herri bat bezalakoa, lagatakoa, utzikeriaren utzikeriaz usteltzen bukatu duen herritxo bat dago harresiaren beste aldean. Eta ez dut nahi pasatzea. Ez zait gustatuko. Badakit"
"Harresiaren beste alde" horrek, HERIOTZA esan nahi duela azaldu zidan. Eta orduan ulertu nuen dena. Orduan esan nion baietz, asmatu zuela ipuinarekin.

HERIOTZA lagun. Horren gertuko beharko lukeen hori dago harresiaren beste aldean, eta niri iluna iruditzen zait. Ohituta behar genuke, ingurukoak nola "doazen" ikustera. Eta batzuk badaude (zaudete) eta inbidia apur bat ere ematen didazue. Teoria primeran ulertzen dut nik. Badakit dena. Esan behar dena, esaten dena. Entzun behar dudana. Entzuna dut behin baino gehiagotan. Nik neuk ere esan izan diot nire buruari. Gertatu egin behar zela. Onena zela. Edo bizitzaren legea dela eta horrelakoak. Baina alperrikakoak dirudite hitzok.

Ez zait erraza egiten. Zaila egiten zait harresiaren beste aldean dagoena argitasunez ikustea.
Eta horrelako egunetan, askozaz gehiago. "Bizitzaren legeak", juiziorik gabeko epaiketetarako balio duenean. Orduan, harresia ostikadaka apurtzeko gogoa ematen dit. Baina orduan, indarrak falta zaizkit horretarako.

2009-09-12

Ohartu naiz, loak hartu baino lehen

Hau idatzi nuen, orain hilabete batzuk.


Itxi begiak, zabaldu, eta beste egun bat da
Gabaz esan dit lagunak... "nola pasatzen den denbora" ez zaio arrazoirik falta. Oraindik uste dut, atzo joan zinetela zuek Mexikora. Oraindik uste dut, gaur eguerdian utzi nauzula zuk. Iruditzen zait, erenegun bukatu zela gure artekoa. Sentitzen dut, gaur, orain, egongo bazina bezala zu, niri begira, beste ohe hartatik, denbora luzez. Badirudi, orain aste bete etorri ginela Bilbora bizitzera, zu, beste zu, eta zu... zu beranduago iritsi zinen... eta laster bazoaz, eta orain ohartu naiz, noiz etorri zinen... Ematen du minutu eskas batzuk pasa direla zuek ezkondu zinetenetik, eta jada zu jaiota zaude, hazi zara. Eta uste nuen, orain gutxi, idatzi nituela, azken hitzak, hemen, zuri, zuretzat... Baina ez. Ohartu naiz, denbora pasa dela. Eta hemengo falta izan diren hitzek esaten ez badute ere, aldatu direla gauzak. Alde batera... eta bestera. Ea hurrengo egunetan, oharkabean baino, ondo esna arrapatzen nauten hauek denek, eta geratzen diren hemen, hitz batzuk, zuretzat, eta zuretzat, eta beste zuretzat ere. Eta zuri... zurekin...
Eta hitz honek gehituko dizkiot orain, lehenago esandakoari.
Batzuetan azkar pasatzen zaigu denbora. Eta esaten da, eta hala izango da, hori ez dela txarra. Ona dela, denbora azkar pasatzea. Baina pentsatzen dut nik, azkar pasatuta ere, ez dela horren ona, denbora horretan pasatu zaiguna, gerora baloratzea.

Atzera begira biziko ginateke bestelabeti.
Baina era berean, ona da batzuetan, atzera begiratzea. Momentuan ikusi ez genituen gauzak ikustea gero. Balio izaten du, aurrerantzean, unean unekoa bizitzen laguntzeko.

Orain badakit eta, zuek, itzuli zaretela jada Mexikotik. Eta gustatzen zait, zuek hemen ikustea.
Badakit ondo, ez dela gaur eguerdia izan, zuk utzi ninduzuna. Gaur eguerdian ere jada, faltan botatzen zintudan eta.
Ohartu nintzen, amaitu zela gure artekoa. Ez dagoela zertan, ezer izan betiko.
Gogoratzen dut Bilbora etorri ginen eguna, eta pasa da denbora bai. Asko. Bakoitzak hartu du bere bidea, eta gozatuko dugu horrekin.
Eta zuek ezkondu zinetenik, eta zu jaio zinenetik, beste zu zaude, horren tripan, dena entzuten, eta ohartzen naiz, hitz egiten dizut, badakit hor zaudela.
Ohartu naiz, ohartzen naiz horrenbeste gauzataz... orain.Eta zuri... ohe hartatik orain begira zaitudan horri... bazaude oraindik ere, ohe hartatik begira. Ez dudalako begirada hura, berehalakoan ahaztuko, eta oraindik, begiratzen didazulako, zure begi okre horiekin. Gertuago dago orain ohea. Gertuago daude begiradak. Begiak. Eta gertuago dago, biok ikusten duguna. Baina ez dut nahi, horretaz, bihar, etzi ohartu.
Ohartu naiz, orain, eta orain nahi dut bizi.

Ohartzearen ohartu beharraz... loak hartu baino lehen.

2009-09-01

Gazteluak


Gazteluak ez dira txikitan esan ziguten bezalakoak.
Ez daukate barruan, printzesa tristea azal urdina duen printzearen zain,
gorengo dorretik begira, ile-horia lurreraino botata, negar malkotan.
Zinez diotsuet, ez dago halakorik. Eta badakit, biziki jakin,
egon naizelako
gaztelu batean.
Ez dut ikusi azal urdindun inor. Ez eta ile-hori luzea arrastaka zeramanik ere.
Eta bai, begiratu nuen gazteluko zirrikitu guztietan. Ezkutaketan bagenbiltza bezala ahalegindu nintzen. Mihatu (ge)nuen gaztelua.
Ez zegoen printzesa eta printzerik. Baina gazteluak, gaztelu izaten jarraitzen zuen.
Bazeuden dorreak, eskailera luzeak gora eta behera, banderak, banderak astintzeko haizea, arbola zaharrak, harri zaharrak, zirrikituak, leku ezkutuak, eta ez horren ezkutuak.
Eta ni, ipuinetako istorioen faltan, sentitu nintzen ipuin batean.
Norbaitek, azal urdinik gabe, erakutsi zidalako gaztelua. Eta nik berari.
Gazteluetako ipuin ugari moduan, sortu genuelako geuk ere, geurea.
Baina hori bai, ez da hemen kontatzeko ipuina. Begiratu bestela, zer gertatu zitzaien, kontatzen hasi ziren guztiei. Printzesa bihurtu!

2009-07-15

bustitzea atsegin dugunean


Ez al zara inoiz, pentsatzen
jarri. Udan, atzo bezalako gauak, egunak tokatzen zaizkigunean, ez zaigula
ardura,
bustitzerik?
Udak badu zerbait berezia. Beste gauza berezi guztiez gain.
Udan, maitemindu egiten gara.
Barre egiten dugu; ohi baino gehiago.
Normalean garbi nahi ditugun hankak ere zikintzen ditugu areaz, eta ez zaigu ardura.
Eta dirua gastatzen dugu udan; ohi baino gehiago, hau ere.
Mendira joaten gara, edo pistinara, edo hondartzara, edo terrazara, edo Saloura... joan egiten gara.
Udan, eguraldi ona egiten du; ohi baino gehiago.
Baina ez gaude Caribean. Ez gaude Saloun. Eta...
euria ari du, euria ari du lagunok...
Esan dut. maitemindu egiten gara udan. Eta... atsegin dugu bustitzea.
Busti egiten gara. Gaitu. Gaituzte...
Baina ez, horiek bakarrik. Euriak
ere bustitzen gaitu; eta neguan ohi ez bezala...
udan, ez zaigu ardura
bustitzerik .

Ala, atzo, tximista eta trumoi artean, azpian,
etxera bidean korrika zindoazela ez zitzaizun atera irribarre txiki bat?
Edo mela-mela egindakoan, algara bat?
Udan
atsegin dugu bustitzea; ohi baino gehiago.

2009-06-14

Gaupasa baten kronika.2

Literatura ikasten, literatura egiten hasten garenean, uzten diogu ikasteari.

00:13
Kronika bat.

badakit, bai, ziur naiz, jada...

hau kronika bat izango dena, badakit.

Orduak aurrera joan, eta apunte-orriak aurreratzen ez diren bitartean...

kronika luze bat jasotzear zaude.

gaupasa baten kronika. 2.



01:19
Duintasunaz

Joxe Anton Artzeren oinarrizko kezka, gizakiaren duintasuna omen zen.
Ez ote da, duintasuna bera ere galtzea izango,
ordu hauetan ikasten aritzea?

Pena, nire oinarrizko kezka ez dela, neronen duintasuna.
Bestela, aspaldi nengoke ametsetan.



02:15
Kafearen boikota

Coca-colari egin diot orain artean,
boikota.

Baina bukatu da.
Gaurtik aurrera, ene kafeina maitea, nazkaz begiratuko dizut zure
begi marroietara.

Ez uste engainatuko nauzunik. Eroriko naizenik zure tranpan.

Azken urtean Pepsi-a maite dudan adina,
gozatuko dut tea, hemendik aurrera. Zigarroak, berarekin konpartituko ditut,
zu, inbidiaz barraren beste aldetik begira zauden bitartean.

Ala uste al duzu, debalde irtengo zaizula, gaur gauekoa?
Fideltasunaren eredu izan nauzunean,
zure tazako arrastora makurtua, zure usainera kateatua, zure zaporera engantxatua.
Uste al duzu, barkatuko dizudala, gaur egindakoa?

Yonkiari, txuteak bata bestearen atzetik datorren txuteak, nahiz izan enegarren txutea, beti egingo dio, on (edo kalte), baina sekula ez kale.

Nola atrebitu zara, zu, orduan, eh kafe? Nola?
Lotsarik ez al dizu ematen?

Jakin bukatu dela gure artekoa.
Ez dizut ukatuko. Polita izan da. Liluratu egin nauzu.

Tontotuta eduki nauzu, goiz, eguerdi, gauetan.

Gaur arte.

Behar izan zaitudanean, lo hartzen, laga didazun arte.

Maitasunez, amorruz, eta logurez,

betiko, agur. (eta ohore)


Jean Paul, nahiago nuen zurekin

Kaixo maitea,
Orain lau hilabete izango dira. Halakoak izaten dira gure tarteak. Liburu-buru-aburuen artekoak. Luzeak diruditen tarte motzak, edo motz geratzen diren, tarte luzeak...

Baina esaten dizut Jean Paul, zinez,
nahiago nuela zurekin pasa gaurkoan ere gau(pasa). Eta Simonekin, nola ez, azken hartan bezala. Saizarbitoriaren bisita ere gustura hartuko nuke.
Ez zait ondo jausten Bilintx. Bere tristezia horrekin... tristetu baino ez nau egiten. Melankoliko santua. Iparragirre ezagutuko nukeela ez dizut ukatuko. Baina zer esatea nahi duzu ba, ezagutzen ditut lehenago ere horrelakoak. Herriari kantatzen diotenak.
Mirande ere, ez dakit, ez zait gustatzen. Ez behintzat zuek beste.
Eta ados, bai, Nietzcherekin hartuko nuke trago bat. Baina jakitzearren soilik, ea benetan halakoa zen.

Gainontzean matte, zuek nahi zaituztet, nire paperetan, orain lau hilabeteko gaur hartan bezala. Nire belarrietan. Begietan.
Orduan bai, orduan te gorririk ere ez nuen beharko, esna mantentzeko.
Baina laga egingo zaitut, prestatu berri dudan tea hoztuko zait bestela.

2009-06-02

Gora Azkuna!

Denek ere, den dena ez dutelako gaizki egiten, Gora azkuna!!

gogoratzen al duzu, bai, bai, zuk, nola eman genituen azkenengo azterketen egun lu-ze haiek? Non, eta nola? Zoratu ginela uste zuenik ere izan zen (eta ordutik onera egin dugula dudan jartzen duenik ere bada oraindik)

Beno, ba ba gauza batzuk aldatu zirela esan nizuen lehengoan, eta hala da.

Gure hiriburu kosmopolita(eta polit) honetan, Azkunak fabore handi bat egin digu guri. Internet gero eta gehiago maite dugunoi.
Wifia dago plazetan! Wifia dago nire etxe ondoko plazan! Eta urdin-urdina dago zerua! Eta ni... ni jada imajinatu duzun lekuan nago bai.
Plazara jeitsi naiz. Nire pisukideak erosi berri duen kilo erdiko portatiltxoa eskuan hartuta. Eta hemen nago, egin beharrekoak egiten ditudan bitartean, eguzkia hartzen.

Zerbaitek esaten dit barruan, oraingo azterketen kronikak, zertxobait beroagoak izan behar dutela.
Eta ez horrenbeste idatziko ditudan hitzengatik!

Baina bai maitte, nik ere botatzen ditut, hala ere, sukalde hotzeko zigarro beroak, berba epelak, eta ordu luzeak.

2009-05-28

Ez al daukagu denok barruan... una bicha?



Eskerrik asko a la Bebe kantu hau egitearren.
Eskerrik asko Katt, kantu hau denori oparitzearren.
lenguaje el que tu y yo vamos a inventar...
que es un lenguaje físico, carnal y brutal...

Nola esaten genuen guk, neskak?
Brutal, fatal, mortal... TOTAL!

Atera barruan daukazun bicha, pisha!

Itxi begiak, zabaldu, eta beste egun bat da

Gabaz esan dit lagunak... "nola pasatzen den denbora"
ez zaio arrazoirik falta.

Oraindik uste dut, atzo joan zinetela zuek Mexikora.
Oraindik uste dut, gaur eguerdian utzi nauzula zuk.
Iruditzen zait, erenegun bukatu zela gure artekoa.
Sentitzen dut, gaur, orain, egongo bazina bezala zu, niri begira, beste ohe hartatik, denbora luzez.
Badirudi, orain aste bete etorri ginela Bilbora bizitzera, zu, beste zu, eta zu... zu beranduago iritsi zinen... eta laster bazoaz, eta orain ohartu naiz, noiz etorri zinen...
Ematen du minutu eskas batzuk pasa direla zuek ezkondu zinetenetik, eta jada zu jaiota zaude, hazi zara.
Eta uste nuen, orain gutxi, idatzi nituela, azken hitzak, hemen, zuri, zuretzat...
Baina ez. Ohartu naiz, denbora pasa dela.
Eta hemengo falta izan diren hitzek esaten ez badute ere, aldatu direla gauzak.
Alde batera... eta bestera.

Ea hurrengo egunetan, oharkabean baino, ondo esna arrapatzen nauten hauek denek, eta geratzen diren hemen, hitz batzuk, zuretzat, eta zuretzat, eta beste zuretzat ere. Eta zuri... zurekin...

2009-04-01

Ocaren jolasa baino ez?


Bizitza, zentzuz betetako zentzugabeko bidea da batzuetan. Zentzugabeko zentzu-bilaren jolasa beste batzuetan. Jolasa baita, azken finean. Eta bizitzarekin jolasten dugu. Edo bizitza dugu jolas. Edo jolasean galtzen gara.
Batzuetan, ahaztu egiten ditugu, jolas-arauak. Eta orduan, beste guztia ahazten dugu. (edo ez)
Ez baita erraza, nahi ez dena ahaztea.
El juego de la oca-ren tablan, saltoka jarduten dugu batzuetan. Hutsune batetik, bestera...saltoka. Badirudi, horretan dihardugula. Oca handiarengana, lehenago nor iritsiko. Edo badirudi, uste dugula, hori dela egin behar duguna. Eta bai, egia da; guk hautatu genuen hori.
Orain, Oca handia esku artean, laztanduz dudala, saltoka pasa ditudan (pasatzen utzi ditudan) hutsuneekin zer egin ez dakidala nabil... tablaren gainean, saltoka-edo.
Zer da, fitxak nahastu ditut? Jolas-arauak ahaztu? Dadoko zenbakien zoriaren esku utzi al dut dena? Ala, nik hautatu nuen, eta kitto?

2009-03-12

Nor ari da hiltzen?

Biluzik ispiluari begira jarri nintzela esaten hasi,
eta nor izan den ez dakit zehazki, baina garbi dago, zuetako norbaitek hilik nahi nauela...
Ez dezagun eztabaida gehiago luzatu. Ados gaude guztiok.
Bakoitzak bere modua izango du, ez hiltzeko, bizirik irauteko, bizitzen jarraitzeko,
bizirik bizitzeko...
Bakoitzak bere zentzua emango dio, "bizitza" deritzogun, hiltzearen bide honi.
Eta zentzua da zehazki, azken aldian, lagun batekin hizketa-gai izan dudana.
Zentzua.
Zenbat aldiz entzun ote dugu, "zentzugabeko" edo "zentzua galdu du" edo "ez du zentzurik"...
Badirudi, ente arraro eta arrotz batek eman (edo kendu) behar diola,
gure "bizitzari" zentzua.
Eta horrelaxe, iristen gara, orain hilabete pare bat aipatzen nizuen auto-engañuaren bidea hartzera.
Ez dadila horrela izan mesedez!
Ez dezagula bide hori hartu!
Hiltzea, hiltzen hastea, bizitzen jarraitzea, bizi-irautea, bizirik bizitzea, gure hautua izan ohi den moduan, izan dadila gure hautua, egon dadila gure esku, gure "bizitzaren" ZENTZUA.
Arren eta otoi dagizuet.

PD. Argi geratu ez bazaizue... Sabinak ondo esan zuen moduan... aguntatu beharko nauzue...
"Que el traje de madera que estrenaré no está siquiera plantado...
Que el cura que ha de darme la extremaunción no es todavía monaguillo..."

2009-03-03


Eta horrelaxe kantatzen diot,
ispiluari...

Azalez jantzita ditut hezurrak
Eta kolpez jantzi ditut beldurrak
Gezurrik ez dut poltsikoan
Ireki dizkidazu ateak
Hautsi dizkidazu leihoak
Dudan onena azaleratu eta
Hondoratu dizkidazu mamuak

Eta ni, ni hemen naiz, biluzik zure aurrean,
Besterik ez naiz,
Zugan bizi nahian arima guztiak zurgatzeko gai naiz.

Zureztatu dituzu nire ametsak
Besarkatu dizkidazu nire hitzak
Harrotasunez bete dizkidazu birikiak.

Dena ematearen beldurrik ez dut orain, biluzik zure aurrean,
Besterik ez naiz
Zugan iraun nahian errotazioa gelditzeko gai naiz
Zugan oxigeno izan nahian baso eta oihan izateko gai naiz
Zugan gelditu nahian denbora hiltzeko gai
hiltzeko gai
hiltzeko gai naiz.

2009-02-25

betaurrekoetatik


Azken aldian, betaurrekoak jantzi dituzte nire begiek bizitzari begiratzeko.
Betaurrekoekin, uste ala ez, (eta egunero goizean-goiz etxeko zapatilak jantzi aurretik betaurrekoak jazten dituztenei horrela gertatuko ez bazaie ere) nik neuk geldoago ikusten, begiratzen dut guztia.
Noizean behin, betaurrekoak erori ere egiten zaizkit, sudurretik behera doan txirristada horretan, labainduaz. Eta horrelakoetan, astia hartzen dut, poliki-poliki betaurrekoak beren lekura itzultzeko.
Beste batzuetan, zikindu egiten zaizkit; atzamar lodiegiek, ("baldarregiek" esan beharko nuke akaso) euren markak uzten dituztelako.
Edo irakurtzen eta bazkaria egiten baldin banago, makarroien lapikoari tapa kentzen diodanean, lurrundu egiten zaizkit betaurrekoak, eta begiak. Eta ez ditut garbitzen. Berriz ere, lurruna kendu arte itxaroten dut. Lasai, begiek ikusten jarraitu nahi duten arte.

Horrelaxe egin dut bizitzarekin ere. Poliki begiratzen diot, azkar batean begien (betaurrekoen) aurretik pasatzen den guztiari. Eta horretaz ohartu naiz. Azkarregi igarotzen dela bizitza nire betaurrekoen paretik.
Baina ez dut horregatik betaurrekorik kenduko. Alderantziz, betaurrekoak jantzita jarraituko dut. Poliki begiratzen, azkar igarotzen den orori.
Aspertu naiz eta, presaka, dena ikusi, onartu, asimilatu, eta ulertzeaz.

Oraingoan hortaz, betaurrekoekin, eta hankahutsik... begiak hutsik geratu ez daitezen.

2009-02-13

Lagun batek dioenari...


Lagun batek idatzi du, hemen...
Desconfía de aquellos que te enseñan lista de nombres, formulas y fechas, y que siempre repiten modelos de cultura que son la triste herencia que aborreces.

NO APRENDAS SÓLO COSAS piensa en ellas y construye a tu antojo situaciones e imágenes que rompan la barrera que aseguran existe entre la realidad y la utopía:
vive un mundo cóncavo y vacío,
juzga cómo sería una selva quemada,
detén el oleaje en las rompientes,
tiñe de rojo el mar,
sigue a unas paralelas hasta que te devuelvan
el punto de partida,
coloca el horizonte en vertical,
haz aullar a un desierto,
familiarizate con la locura.
Después sal a la calle y observa: Es la mejor escuela de tu vida.
J.A. Goytisolo

Eta erantzun diot...
"Familiarízate con la locura" idazten du(zu). Bada, galdetuko nizuke, zer den "locura" hori...ezen gure eguneroko pentsamenduen egitea ez bada.
Zoro deitzen diogu, guk egin nahi duguna, egiten duenari...
zorotzat hartzen dugu, guri egunero, uneoro burutik pasatzen zaizkigun horiek esaten dituena.
Zorokeriatzat daukagu, inork bere baitan sortu duen mundu hori. (ez bada gurea)

"Veronica decide morir" Paulo Coelhoren liburua irakurri berri dut, eta ez nuke isildu nahi, gogoratu gabe, bertan irakurritakoa. Kontatu baitio Zedkak Veronicari, -zoroetxeko jardinean- erresuma batean gertatutakoa. Erresumako pertsona guztiak, droga, pozoi edo dena delako batekin (ez baitut oroitzen zer zen zehazki, baina denek ere eragin berdina izan ohi dute) ezohiko jarrera izaten hasi ziren egun (eguzkitsu eta eder) batean. Erresumako errege eta "bere erregina" baino ez ziren "sano" geratu. Erregek, hasiera batean denak "zoratu" zirela uste izan zuen. -Edonork egingo genukeen moduan- Baina erresumako gainontzekoekin tarte bat igarotzea nahikoa izan zuen, uste izateko, bera zela zoratu zena. (eta berak -eta "bere erreginak"- ere drogatzen bukatu zuten)
Zororik ez baita izango, "normalik" ez dagoen bitartean.
Eta alderantziz, ez da "normalik" izango, zororik ez dagoen bitarten.
Eta bitartean... guk, lastimaz begiratuko diegu, Santa Agedan, pozik, lasai, gustura bizi direnei. Gu, "normalak" garelakoan...
Baina ez gara egongo, pozik, lasai, gustura...

Hasi gaitezen bada, diozu(e)n moduan, "familiarizandonos con la locura"...

2009-02-06

Kafe hondar artean...

denak jarraitzen du berdin, baina ez da berdina, kafe hondar artean...
beste ile haiek falta dira, hondarrak hagin artean trabatuaz ere, kafea gustura hartzeko. Goizaldeko ordu bi eta erdietan tokatu zait bigarren, hirugarren kafea.
Eta soberan daukat oraindik, bakarra naiz eta, orain, goizaldeko ordu txikietan, kafea hartzen duena. Eta niri, ez dit dardararik sortzen. Dudan nago, ez ote didan, gutxiegi eragiten... ez ote nauen, ordenagailuaren gainean, loak hartuko...
Ez ote da horrela izango!
Baina ez da ez, erraza izango... eguna tontokeriak egiten pasatzen zuena, urruti dago. Tontokeriei jarraituaz, ondo pasatzen zuena, lotan aspaldi.
Eta hemen ni, tonta-tonta... eskerrak, pareko etxeko argiak, "piztuta" jarraitzen duen, eta hortaz, bakar-bakarrik ere ez nagoen...

Badoa burua berriz ere, apunteetara...
gero arte. Gaupasa baten,
kronika baten,
hasiera dela, esango nuke... baina isilean esango dut, lehenago bukatzeko esperantza, ez da eta, sekula galtzen!

Zergatik?


Gorputza poesiaz betirik dugunean! ...
"Zergatik iluntzen gara egun eguzkitsuetan?
Zergatik usteltzen gara, gure bihotzak taupadaka
jarraitzen duenean..
Zergatik ezkutatzen gara lotsarik ez
dugunean.

Zergatik beti ibiltzen gara
zergatiaren
zergatiaren
bila..."

Berriro galdetzen dizut.
Zegatik isiltzen gara...
gorputza poesiaz betirik dugunean!
-eta hitz egiten dugu, egoerak, poesiarik ere, merezi ez duenean...-
Alderantziz gabiltza...
Gauez bizi naizelako izango da akaso...dena alderantziz egiten dudala...
edo gauez esna mantentzen nauten lan hauen erruz bestela.

Baina bada zerbait. Galdezka jarraituko dut, zergatik,
ez.

2009-02-04

Ez betitxik, baina bai betirako... (Gero arte) lagun!


Bazuaz... a volar, unidos, perdidos... ta zeru urdina ikutzera. Nahi duzulako, ta porque tú lo vales! Que coño! (el tuyo...)
eta umezurtz lagatzen nozu, baina gurasuak galdu biharrian, lagun haundi bat galdu baneu bezela.
Erderaz, askorik ez dakizu. Baina moldatuko zara. Aduanan behintzat ez dot uste arazorik eukiko dozunik. Ondo entrenauta bialdu zaitxugu behintzat.
Ta bestela, badakizu, atara hor lepuan katiauta daruazun medalla hori, eta ia ulertzen daben.
Berritxuko plazatik atara eta Mexikora zuazela esaten dozu. Eta holaxe izango da igual. Baina gauza bat eukizu klaru. Berbetan ulertzen ez bazaitxue ere, zela edo hala, segitxuan konturatuko diala zelako tipa ona zaran. Beste danok enkantatzen gaitxuzun moduan eingozu eta horkuekin ere!
Zeozer politxa idaztia nahi nizun. Edo originala.... barregarrixa...
Baina konturatu naiz, ke pa eso ya estas tu! Ta gañera, politxa, originala eta barregarrixa.. badaruazu gure etxeko frigorifikuan zatitxo bat, eta hortik nahikua daka horrek.



A tu vera, a tu vera ibili zaitxez, con tus locas corduras, Soda shop-etan sartu be.
Disfrutau bizi dozun gauza txiki bakoitza. Balorau momentuan bertan, edo konturau orduko berriz gure etxeko sukaldian topauko zara fregaua eitten....
Sei hilabete. Ez dia gitxi. Ta asko ere ematen dabe. Baina egon seguru ez dala horrenbeste izango. Egongo dia igual momentuak hamen egotia nahiko duzunak (edo hori espero dot guarri, beste batzuk hamen geratzen garala!un poko de konpasion!) baina holako momentuetarako, hamen, blogian eukikozuz bihar dozuzen kantu eta berba danak, pixkatian bada ere, hamen sentitzeko, eta berriz hor bizi bihozun dana bizitzeko indarrak hartzeko.
Gaupasa bat ere eingou, bihar izanez gero, blog bidez, kronika zoro horretako bat idatziz... Eta bihar ezian, egon seguru nik bihako dotela, asike zure omenez juango dia botako ditxuten astakerixak.

Bueno pitxin, segurutik sei hilabete honetan, arrapauko nozu oin baino asti gehixaokin, romantikatxuau, nostalgikatxuau, mimosatxuau, melosatxuau.... eta orduan....orduan segurutik berba honek biharrian, lau berba politx, bost triste eta sei melankoliko atarako jataz, eta horrek ere merezi dozuzenez, idatziko dizuaz orduan. Baina ataratzen jatazenian, ez lenau.

Bitxartian, hartu kantu hau, eta zuk diozun moduan, musu lizun mordo bat!


Berriz ere, korto bat grabatzen, goizez ordurako esnatzeko, edo nik “hoy no me puedo levantar” kantua kantatzeko... alkartuko gara berriro, nere oihan!!!!
(eh....komo suena eehh.... jantzi kuleruak guarrilla! Ke nos konozemos!!)

Bueno, hau eskuetatik, edo berbetatik juten ari jata, eta txorradak esateko (idazteko), hobe hamentxe lagata.

Patxo haundi haundi haundi bat!!!!!!! En el pezoi!!!!
Atara petxua, jaso burua, astindu illia, y dale, dale, dale bummm dale!!! Como tu ya zabe nena!!!!

2009-01-30

Literato maitea

Maite zaitut Sartre!
Maite zaitut Saizarbitoria!
Maite zaitut Urretabizkaia!
Maite zaitut Beauvoir!
Maite zaituztet guztiak, gau eder honengatik. Eta hemendik aurrera, zuetaz jakin dudanarekin, zuen liburu artean murgilduta pasauko ditudan guztiegatik!
Baina orain, zatozte niregana, goxo-goxo, emeki emeki... atoz Jean Paul eta esan noiz idatzi zenuen, idatzi zenuena, eta zergatik, zertarako...
Hurbildu Ramon, eta kontaidazu, ehun metroen ibilbidea, nondik norakoa... egunero hasten bada ere, bihar hasi, eta bukatuko delako, nire azterketa.
Gerturatu Arantxa... nire albora, eta esaidazu Panpox, zer zen, buruan zenuena, ze urte zen, eta zein, ze idazle zenuen inguruan... esaidazu bihar, arratseko 15:30etan... azterketa egitera esertzen naizenean.
Eta zurekin Simone... zurekin arituko naiz gero ere, azterketa ostean, azaldu behar dizkidazu eta, pare bat kontu... pare bat sekretutxo... ezagutu nahi zaitut eta hobeto... ulertzen duzu ezta?
bada, egongo gara hurrengo batean, denok, Pariseko kafe batean, te gorri bat mahai gainean, zigarroa eskuan... mundua konpondu, mundua hobetu... edo munduaz ahazteko.

Baina orain, arren, otoi dagizuet, zatozte nire ondora bihar, gaur ni gerturatu naizen bezala, eta xuxurlatu belarrira, egin duzuen guztia. Zergatik zareten horren ohorezko, zergatik horren ezagun, ezen nire paper zurietan ditudan zuen izenak idatziak.
Azaldu egidazue guztia, nik, paper zuri horretan, txukun idatzi dezadan.
Amen.

2009-01-26

Azterketen zikloia

Ez nau beldurtzen haizeak, euria, elurrak, hotzak... beti ere argi gabe uzten ez gaituzten bitartean.
Ezin dut argi gabe geratu. Beste une batean, nahiko nuke eskusa bat, ikasi ez izateko.
Baina orain, eskusa beharrik ez daukat. Bestela ere, nahikoa larri nabil eta, egin behar dudan dena egiten.
Eskerrak, badela, -beste gauza batzuen artean- egun hauek alaitzeko balio digun kanta eder hau. (Pisuan inkilina bezala dugun laguna eta ni korto bat prestatzen gabiltza, kanta honekin)

Entzun, gustatuko zaizue eta.

Beste gaupasa baten kronika bat?

Gaur ere, idatzi genezakeen gaupasa baten (bigarren baten) kronika...
Baina gaur, ez gaude umoreko; eta benetan, benetan zuek umoreko bazaudete,
gure hitzek des-umoretu egingo zintuzkete.
Hortaz, zuen hobe beharrez, ez dugu kronikarik idatziko.
Soilik hitz hauek, gure dekadentzia pertsonalaren arrastoa, gera dadin, hemen...
gure arimak (neuronekin batera) guztiz desagertu aurretik.

Bihar, esnatuko garelakoan, (gaur, lo hartuko dugulakoan)
agurtzen gara, gaupasera, ikasle finak.
Baina oraindik, ez goaz lotara.
Oraindik ordea, gaua luze zaigu.
Eta egunak eskaintzen dizkigun 24 orduak, motz.

2009-01-25

Le Petite Mort(al)


Petite morte... petite morte... petite morte...

Nork nahi zintuzke berarentzat...nork ez.


Galdetuidazu, nola lo hartu nahi dudan bihar (eta etzi, eta etzidamu...)
eta esango dizut... petit morte, petit morte...

Galdetuidazu, nola esnatu nahi dudan bihar (eta etzi, eta etzidamu...)
eta esango dizut... petit morte, petit morte...

Galdetuidazu zerekin egin dudan amesetan gaur (eta egingo dudan bihar, eta etzi...)
eta esango dizut... petit morte, petit morte...


Beldurtu egin nintzen orain bi egun, ohartzean, ez neukala "Proyecto de vida" deitzen dioten hori.
Ez neukala ezer, ez nintzela ezer, ezen ikasle bat, bizi zena, bizitzen...jakin gabe, bizitzan....
zer egin baino, zer "izan" nahi zuen...
Bada orain bai, badaukat proyecto de vida horretan...badaukat zer izan bat.
Berriz ere... Petit morte... Petit morte... Petit morte...


Baina ohartzen naiz, jarraitzen dudala, proyecto de vidarik ez duen, 20 urteko gazte bat izaten...
Petit morte-rekin, amesetan egiten duen, erromantiko bat baino ez naiz.

2009-01-22

Edarko dago norbait....
"Igul, egosinbat faltako ako"...
Kosta podea ere jarri du nonbaiten... galtzen bada,
raptatzen badute... topatu dezaten!
Bitartean, jarraituko du kopito de hieloak edaten...

Ostabere-ostabere....

Badakizue... beste behin ere... decadencia personal!!!
Pero siempre... con recogido andaluz!!!

Gaur motzagoa izango naiz...

Gaur motzagoa izango naizela diot...
atzo pasatu egin nintzela batek baino gehiagok esan dit eta.

Eta horretaz gain, gure irakasle maiteak biharko beste azterketa bat jarri digulako (guk eskatuta) eta gure uste apalean...(jejeje) benetan garbi esanda puteatzera joango delako.

Beraz, ez daukagu denborarik galtzeko. Ikasteko ordua da.

2009-01-21

Biaramun baten kronika

Atzo, edo gaur, edo... ondo ze egun den, atzo ze egun zen ere ez dakit dakidan...
Kontua da, azken aldiz hemen idatzi nuenetik, ohera joan eta kostatu zitzaidala lo hartzen.
Lehenago bezala, ohean bertan ere kafeak, teak, zigarroek, urduritasunak... denak izan zuen bere txokoa. Baina kostata, baina hartu (ge)nuen lo. Gaur goizean, pentsatu baino beranduago, nahi baino lehenago, eta batez ere, batez ere, behar baino lehenago esnatu gara.

Gaupasa baten osteko, biaramundun egunik gogorrena aurretik genuen. Hasi da.

(ni) Dutxatu, eta zela edo hala, jantzi ditugu arropak Ainara eta biok. Kotxean igo gara Unibertsitatera, nik lo hartu aurretik, albokoari atzo ikasitako dena errepikatzen nion bitartean.
Urduri geunden. Oso. Eta nekatuta... LO.
Nik, azterketa egin eta hamaika eta erdietarako bukatu eta etxera (ohera) joatea baino ez nuen nahi.
Iritsi gara fakultatera. Sartu gara barrura. Eta zergatik ez, okurritu zaio lagun bati, galdetzea harreran egoten den idazkariari, noiz, non den azterketa. (eta pentsatuko duzue... ze zentzu duen azterketa egunean bertan (goizean) galdera honek ezta? Ados, ez du batere zentzurik)

Orduan jakin dugu, azterketa ez zela 9:15etan baizik eta 11:15etan. (eta gu pentsa noiz esnatuta geunden!!)
Baina beno, animoak gora! Gora bihotzak! eta gosaltzera. Zergatik ez, hasi daigun "ondo" eguna...
Kafetegian, apunteak eskuan genituela pasa ditugu falta zitzaizkigun 3 orduak.
Ikasten geundelakoan... apunteak soltatu dituenik ere egon da, baina ez ditugu gugandik urrundu... Baina nik bederen, ez diet denei pasada bat baino gehiago eman.
Alperrik ez. Aspertuta geunden. Bukatzea zen nahi genuena. Bukatzea, eta LOtara joatea.
Bada... iritsi da, orain bai.

-11:15
Azterketa-gela zabalik aurkitu dugu (kopiatu, etabarrak egingo zituztenen zorionerako...). Korrika batean sartu gara gelara. Ume txikiak eskolara bidean joaten diren moduan, oraindik irakaslea ikusteak pozten dituelarik... oraindik euren ikasgelak politak direla...
Norberak bere lekua hartu du. Prest dugu dena, egin beharrekoa egiteko.
Irakaslea bakarrik falta da.

-11:30
Ze ordu da? galdetzen dio jendeak albokoari. Urduritasunak ez gaitu oraindik abandonatu. Gurekin jarraitzen du, inoiz baino gertuago. Hastea nahi dugu. Hasi dadila festa, joan gaitezen denok etxera behingoz me-se-dez!!

-11:45
Haserre dago atzekoa. "Bada ordua" dio, erlojuari begira. Ni ere ez nago gustura. Non dago denok espero dugun hori?
Hasi dira lehen hitzak...lehen pozoi printzak... Irakaslea ordu erdi berandutuz gero gerta daitekeena... eta "aprobao general!" esan du batek bat-batean. Akabo...

-12:00
Iritsi da espero genuen ordua. Pasa da soberan ordua erdia... Eta orain zer? Baliteke? horrela izango ote da? "Aprobao general"?....
Denon izenak idazten hasi gara. Dekanotzara joango gara... galdetu egingo dugu...
........
-12:08
"Kaixo, egunon" esanez sartu da. Ezer pasako ez balitz moduan. Dena ondo balego bezala. Akaso beste ordu batean biziko da hau. Baina klaseak prest zuen atakea. Ordezkaria zain zeukan klase erdi-erdian... normalean berarena izan ohi den leku pribilegiatu horretan... ikasleon ordezkaria.
Lasai-lasai, baina arnasa hartzeko alperrik geratu gabe azaldu dio egoera...
eta hasi da guda! (eta nik nahi nuen bakarra, azterketa egin eta etxera (ohera) joatea zen)
Baina akabo, haserretu gaitu. Zer uste du ba honek! Eta ez da pasako, eta ez da pasako, eta ez da pasatu. Ikasleon eskubideek irabazi dutela esan dut nik.... irakasle autoritarioek galdu dutela horrekin batera.... (eta gero, gero etorriko dira komeriak)

Luze jo dezake honek... irakaslearekin izandako eztabaida guztiak.... dekanotzan nola bukatu dugun....
Baina laburpen modura balio dezakeelako, eta gainera, gure idazkaria benetan ona eta txukuna izan denez, testu ona delako, zuzenean Dekanotzan aurkeztu dugun testua jartzen dizuet...

Aupa gu! behera eskirolak...
Eta orain bai, ura eta berakatza, baina beti bi obarixokin...
Amak esan didan moduan... 10a ateratzeko ikasi beharko da, ondoren 5a akaso jasotzeko!
(edo akaso, pasatuko zaio irakasleari ere, sartu zaion amorrazio hori...agian, apika...jeje...)

Urtarrilaren 21ean, Ikus-entzunezko informazioaren teknologia asignaturaren azterketan emandako gertakarien aurrean, ondorengoa adierazi nahi dugu Kazetaritza Lizentziaturako 3.mailako 31.taldeko hainbat ikaslek:
1.- Azterketa ordua goizeko 11:15etan zegoen zehaztuta. Horren beharrean, asignatura ematen duen irakaslea, X X X jauna, 12:08an heldu da klasera, hau da, zehaztutako ordutik 53 minutura.
2.- Horren aurrean, ikasleok, horrelako atzerapenik arautzen duen estatuturik existitzen den galdetu diogu X jaunari. Horretaz gain, horrelakorik existitzen den konprobatzeko tartea eskatu diogu, fakultateko Dekanotzan galdetzeko tartea ematea hain zuzen ere. Eskakizun hori ukatu egin digu.
3.- Irakasleak, gure eskakizuna ukatzearekin batera, azterketa moldatzeko hautua hartu du. Azterketa egiteko denbora murriztua zegoela argudiatuta, klasean adostutako azterketarako edukien hitzarmena unilateralki apurtu du. Era horretan, adostuta genituen bi galdera ez ditu azterketan jarri. Esan beharra daukagu, bera dela azterketa-denbora murriztearen erantzule bakarra, eta era horretan, azterketa denbora berrira moldatzea ongi ikusten badugu ere, ez da bidezkoa berak edukietan hartutako hitzarmena era horretan apurtzea.
4.- Honekin batera, horrelako gertakizunen inguruan zehaztutako araurik ez egotea salatu nahi dugu. Izan ere, Ikasleok azterketa batera berandu agertzean proba hori egiteko eskubidea galdu dezakegu, baina irakaslearen atzerapenak ez du zigorrik jasaten. Pertsona bakar baten jarrera -berandu heltzea guztiz justifikatua egon badaiteke ere- ezin ditu era horretan baldintzatu hainbeste pertsonen egunerokotasuneko lanak eta bestelako konpromisoak.
5.- Honegatik guztiagatik, irakasleak ikasleen beharretara eta ordutegira moldatuko den azterketa berri bat edo behar beste ipini ditzan exijitzen dugu. Horrekin batera, aurrez edukietan adostutako hitzarmena bete dezan ere exijitzen dugu, bere atzerapenaren erantzule ez garelako azterketara asmo onez aurkeztu garen ikaslek.

Gure eskakizunak kontuan hartuak izango direlakoan, agur bero bat.

AMEN, eta hala izan dadila...

Gaupasa baten kronika

Non zaudete?
Non zaudete gehien behar zaituztedanean?
Non!!
Orain iheska zoazte, zuen lagun izan naizen neroni, bizkarra emanez.

Joan zaiteztela popatik hartzera, neurona madarikatuak!

Eta ez itzuli! Zuek gabe ere, pozik biziko naiz eta!
Sin saber, sin sabiduria, baina beti pozik!

2009-01-20

Kaleak



Kaleak maite dituenik bada. Horrelakoak asko direla esatera ere ausartuko nitzateke.
Baina horrenbeste ote dira, kaleek eurek, maite dituzten indibiduoak?

Halako bat topatu nuen orain denbora bat, Granadako kaleetan barrena (han, pentsatzen hasita bat baino gehiago ere topatu nituela esango dizuet).
Kalea zuen bizileku... bere leku. Iritsi nintzen egunean aurkitu nuen leku berean agurtu nuen joatean. Eta apostu egingo nuke, bertan jarraitzen duela oraindik ere.

Txoriak ez du eta, bere kabia horren azkar lagatzen...
Putre zikin batek apurtzen ez badio behintzat...

Zenbat?


Denok balio dugu zerbait.
Edo hori esan zuen behin, norbaitek...

Eta esanari jarraiki, galdetzen diot nire buruari, zenbat balio du(da)n
nire gorputzak...
Izan ere, krisiak...krisiak eragin egiten du.
Krisiak... horren da txarra, horren da gaiztoa krisia...
pentsatzen jartzen gaituela guztiok.
Batzuek, (batzuetan) kapitalismoa dudan jartzen hasten dira...
Ni... nik soilik krisia gainditu baino ez dut nahi.

Eta horregatik, galdetzen diot, nire buruari...
zenbat balio duen, nire gorputzak.
San Frantziskon, denontzako lekua, egongo delakoan...

2009-01-19

Boikot a la vista

Boikot baten berri emateko hartu dut ordenagailua oraingoan.
Inor larritu aurretik, blog honetan hurrengo egunetan gerta daitekeen edozein desastre naturalen aurrean, jakinaren gainean izan nahi zaituztedanez, hona hemen pare bat kontu.
Azken egunetan nire kloaka txiki honetako bisitari bakarra izan den lagun maiteak, (eta beste batean aztertuko dugu zergatik beste denok ez duzuen hemen arrastorik uzten...) beno, ba lagun maite eta agurgarri honek, sekretu txiki bat gorde du gaur artean.
Sei hilabeterako Mexikora doanez, aurretik egindako denarekin apurtu, eta denok ahaztuko garelakoan dago koitadua. Gaurko egunez mundua bukatuko balitz moduan. Hemendik aurrera, guk leku berdinean jarraituko dugula ahaztu baitzaio. Eta hortaz, edozein sekretu kontatzen hasi zait. Kontua da, nik, (bai, tamalez, baina...) hemen jarraituko dudala, eta hortaz, sekretu hori aireratu nahi izan dudala.
Sekretua jada horren sekretu ez denez, jakin, lagun politt hau, Sin Tetas No Hay Paraiso telesail txatxu horren fan txolin horietako bat izan dela. Nik, bere sekretutxoa lau haizetara zabaldu dudanez, nire kloakatxoa hankaz gora jartzearekin mehatxatu nau.
(eta kontuan izan, idazten duen bakarra bera izanik, horretarako gaitasunik ez zaiola falta)
Hortaz, hurrengo egunetan gertatzen denaren ardura guztia berarena, eta soilik berarena dela esateko idazten dizuet. Ez naiz gertatu daitekeenaren arduraduna.
Egunak aurrera joan hala, hau nola doan ikusita, eta beharrezkoak ikusten baditut, eskuragarri izan ohi diren orri horiek zintzilatuko ditut, edozein kexa helarazi nahi baduzue edo.
Baina errepikatzen dizuet, nik ez naizela ezerren kargu egingo.
Ondo izan. Eta kontuz, ez sartu edozein ordenagailutatik nire blogera, edo virusez betetzeko arriskuan izango zarete.

2009-01-16

Kloaka honetatik



Arratoi bat izan nahi dut, kloaka batean...

Eta alboan izan bat, kantatuko didana....
“Mi ratita presumida...” Barricadarena bailitzan, baina light, light, light...

Gitarra eta armonika hartuko ditut nik ere egun batean...
eta orduan, arratoiena izango da hiria.

Panteoi bilakatuko ditugu alkantarilak, bizidun intelektualen panteoi.
Eta tabernak, kaleak, antzoki eta udaletxeak izango dira... gure kloaka!
Gure herri, hirigune...

Eta marihuanak uzten didan abagunearen ostean... nire alkantarilara itzuliko naiz,
arratoi artera, goxo-goxo... kaleko zikinak jan ostean.

7 katuri, ihes egin eta gero.

Me-en-can-ta!


Esnatzean barre egitea gustatzen zait.
Esnatzean, barre egiteko arrazoiak izatea gustatzen zait.
Eta horrela esnatu naiz gaur. Pozik. Alai. Gustura. Lasai. Ondo.
Zergatik? nahi dudalako.
Eta lehengo egunean egin nahi nuena lagun horri aitortu ostean,
eta hortaz onartzean, (autoengainu, autorreprimitze, eta autokontrol gabe)
orain egin egin dudalako, nahi nuena.
Eta badakizu zer? Ez diot, egin dudanari, bainarik ikusten.
Akaso, horregatik egongo naiz pozik.
Akaso, horregatik esaten dut, lasai, gustura, alai eta pozik:
Me-en-can-ta!!!
Gaur, ez daukat ezer gehiago esateko.
Musu bat, nahi duenarentzat.

2009-01-15

Querida Guatemala...


Lagun batzuk (orain bertan nazka ematen didaten lagun batzuk)
Mexikora doaz 5 bat hilabete ingururako. Eta jakin, 5 hilabete horien ostean itzuliko diren edo ez.
Nazka ematen didatela aipatu dizut. Eta hala da.
Enbidia baino ez! esango lirake batek, baina nik, nik nazka sentitzen dut.
Guatemalarutz joateko konbenzitu nahian pasa ditut egun hauek. Behin bertan egonda,
paradisua ezagutu gabe ezin direla itzuli esan eta esan nabil...
Eta hau esaten diedan bitartean, aspaldiko partez, hilabete eta erdi hura daukat gogoan inoiz baino gehiago. Han ezagututako lagunak, lekuak, pertsonak, (eta pertsona deitzea merezi ez duten horiek), giroa, paisaia, etxeak, frijolak, cilantroa (hau bai, nazkagarria benetan...), eskola, etxea, familia, beherakoa (ez pentsa, hau ez dut gehiegi faltan botatzen), bertako jatekoa, El Remateko igerilekua, eta euria egiten zueneko kaleetako potzuak, eta merkatu bat, eta beste bat, eta beste bat, eta beste bat.... etortzen zaizkit burura.
Eta Guatemalak berak dituen kolore guzti horiez margotzen zait barrena.
Eta besterik ez bada ere, han ez banago ere, hauek egongo direnaren esperantzan, koloretan bizi naiz.
Bertan ezagututako koloreekin, nire mundua margotzen jarraituko dut, berriz, hara itzuli artean.

2009-01-14

kontrolatzearen reprimitzea


Zenbat lagun dituzu inoiz esan dizutenak,
“nahi dut baina…”?
Eta zenbat lagun dituzu nahi dut baina hori esan ostean,
nahi zutena egiten amaitu dutenak?
Nik neuk, mordoxka bat. Izenak ere esango nizkizuke, baina badakizu,
nahi zutenez, baina bazenez, baina bat, ez dut izenik emango.

Auto kontrola, auto-reprimitzea bilakatzen dela esaten dugu sarri.
Eta reprimitzea, ez dela ona.
Baina bada, reprimitzea, auto-reprimitzea baino txarragorik.
Auto-engañatzea deitzen diot nik.

Ingurukoei zerbait esateak, gure buruan jira eta buelta dabilen
edozer gauza ahotik irten eta norbaitekin konpartitzeak, onarpea ekartzen dio norberari.
Zerbait gaizki egin dugula jakin, eta hori esateak, ekartzen digu benetan gaizki egin dugula onartzea.

Eta era berean, uste dugu, albokoari egin nahi duguna aitortu, eta horrek daukan alde “txarra” onartzen badiogu, nolabaiteko zilegitasun bat lortzen dugula.
Esan baitugu, onartu baitugu, egin nahi duguna egitea, badakigula gaizki dagoela. Albokoari, egin nahi duguna egingo ez dugula, edo behintzat, izatez egin nahi ez dugula sinestuarazi nahi izaten diogu.

Horrela, nahi genuena egindakoan, eta alboko hura, kontu eske datorkigunean, leporatu behar digun hori, aurreko egunean guk geuk esandakoa izango da, eta hortaz, ez du, guri leporatzeko ezer berririk izango.

Eta hala, une batez, edo gehiagoz, gu geu sinestera iritsiko gara, egin dugun hori, ez dugula nahi genuelako egin, barrutik irten zaigulako baizik.

Izan ere, guk, onartu genuen lehenago, egin nahi genuen hori, ez zegoela ondo.
Bazuela, baina bat.

Eta horrela jarraituko dugu, ez reprimitzearren, geure burua kontrolatzen ez dugun bitartean.


2009-01-12

Hankahutsik berriro


Hankahutsik nator berriro, zuregana.

Kendu ditut oinetakoak, eta prest nago,
hanka azpietan sortu zaidan azal fin hau jaso artean, hankak urratu artean, arituko natzaizu berriro... ohiko zen moduan.

Denbora pasa da azken alditik. Euri asko egin duela esango du batek, euria izoztu zaigula esango dizut nik.
Hortaz, korrika ere hasi gabe, baina berriro inon geratu gabe noan aurrera, hankak izozterik ere ez dut eta nahi.

Musu bat,
Aspaldi zapaldu ez zaitudan, lur maitea.