2009-09-12

Ohartu naiz, loak hartu baino lehen

Hau idatzi nuen, orain hilabete batzuk.


Itxi begiak, zabaldu, eta beste egun bat da
Gabaz esan dit lagunak... "nola pasatzen den denbora" ez zaio arrazoirik falta. Oraindik uste dut, atzo joan zinetela zuek Mexikora. Oraindik uste dut, gaur eguerdian utzi nauzula zuk. Iruditzen zait, erenegun bukatu zela gure artekoa. Sentitzen dut, gaur, orain, egongo bazina bezala zu, niri begira, beste ohe hartatik, denbora luzez. Badirudi, orain aste bete etorri ginela Bilbora bizitzera, zu, beste zu, eta zu... zu beranduago iritsi zinen... eta laster bazoaz, eta orain ohartu naiz, noiz etorri zinen... Ematen du minutu eskas batzuk pasa direla zuek ezkondu zinetenetik, eta jada zu jaiota zaude, hazi zara. Eta uste nuen, orain gutxi, idatzi nituela, azken hitzak, hemen, zuri, zuretzat... Baina ez. Ohartu naiz, denbora pasa dela. Eta hemengo falta izan diren hitzek esaten ez badute ere, aldatu direla gauzak. Alde batera... eta bestera. Ea hurrengo egunetan, oharkabean baino, ondo esna arrapatzen nauten hauek denek, eta geratzen diren hemen, hitz batzuk, zuretzat, eta zuretzat, eta beste zuretzat ere. Eta zuri... zurekin...
Eta hitz honek gehituko dizkiot orain, lehenago esandakoari.
Batzuetan azkar pasatzen zaigu denbora. Eta esaten da, eta hala izango da, hori ez dela txarra. Ona dela, denbora azkar pasatzea. Baina pentsatzen dut nik, azkar pasatuta ere, ez dela horren ona, denbora horretan pasatu zaiguna, gerora baloratzea.

Atzera begira biziko ginateke bestelabeti.
Baina era berean, ona da batzuetan, atzera begiratzea. Momentuan ikusi ez genituen gauzak ikustea gero. Balio izaten du, aurrerantzean, unean unekoa bizitzen laguntzeko.

Orain badakit eta, zuek, itzuli zaretela jada Mexikotik. Eta gustatzen zait, zuek hemen ikustea.
Badakit ondo, ez dela gaur eguerdia izan, zuk utzi ninduzuna. Gaur eguerdian ere jada, faltan botatzen zintudan eta.
Ohartu nintzen, amaitu zela gure artekoa. Ez dagoela zertan, ezer izan betiko.
Gogoratzen dut Bilbora etorri ginen eguna, eta pasa da denbora bai. Asko. Bakoitzak hartu du bere bidea, eta gozatuko dugu horrekin.
Eta zuek ezkondu zinetenik, eta zu jaio zinenetik, beste zu zaude, horren tripan, dena entzuten, eta ohartzen naiz, hitz egiten dizut, badakit hor zaudela.
Ohartu naiz, ohartzen naiz horrenbeste gauzataz... orain.Eta zuri... ohe hartatik orain begira zaitudan horri... bazaude oraindik ere, ohe hartatik begira. Ez dudalako begirada hura, berehalakoan ahaztuko, eta oraindik, begiratzen didazulako, zure begi okre horiekin. Gertuago dago orain ohea. Gertuago daude begiradak. Begiak. Eta gertuago dago, biok ikusten duguna. Baina ez dut nahi, horretaz, bihar, etzi ohartu.
Ohartu naiz, orain, eta orain nahi dut bizi.

Ohartzearen ohartu beharraz... loak hartu baino lehen.

1 comentario: