2010-03-08

gaur. atzo eta bihar


Zorionak jaso ditut dagoeneko.
neska izatearen zorionak. Zoriondu nau(te) neska izatearren, eta alaba, emakumea, ahizpa eta emakume bizarduna. Takoiak erabiltzearren, ezpainak gorriz margotzearren, gona motxak janztearren eta prakak erabiltzearren, izerdi usaina izatearren eta iletsua. Depilatzearren, eta polita eta zatarra izatearren. eta argala izatearren batzuetan eta lodia beste batzuetan. Etxeko lanak egitea gustatu egiten zaidalako, eta borrokalaria naizelako, histerika, depresioak jota egoten naizelako batzuetan eta hurrengoan irribarrea ahotik kendu ezinda, eta exageratua naizelako askoren iritziz eta negar egiten dudalako, barre, eta garrasi; baina isilik egoten ere badakidalako, eta baietz esaten dudalako eta ezetz esaten dudalako.
Zoriondu nau(te) . Gaur.
eta nik, gaur, zoriontzen zaituztet ni bezalakoak, berdinak ez zaretenok, izan nahi ez duzuenok. Eta atzo eta bihar, esaten dizuet, segi izaten more eta gorri!
Begiak more, eta ezpainak gorri!

2010-03-05

Broma eta laztan artean, bi aurpegi

Aspaldi pentsatu zuen Anderrek gaur gaueko mozorroa. Baina denbora luzez egon da hala ere etxean ondo jantzi eta kalera irten arte. Arrebaren laguntza behar izan du horretarako ere. Berak sarritan lagun artean esan izan duen moduan, ez da eta Ander emakumekeriekin jolasean jardutekoa. Mutila da bera, aita bezain gizona. Eta kito. Horregatik behar izan du horrenbeste denbora. Berak ez dakielako begiak ondo margotzen, ez eta ezpainetan kolore gorri hori ondo geratzeko nola zabaldu behar diren ezpainak. Ez daki gona motxaren azpitik jantzi behar dituen galtzerdi luzeak nola sartu behar dituen, neska gaiztoek izaten dituzten karrera delako horiek egin ez ditzan galtzerdietan. Kotoia jarri du titien pare, baina bularrekoa lotzen ere arrebak lagundu behar izan dio. Berak, nola askatzen diren baino ez omen daki. Barre egiten du Anderrek horrelakoak esaten dituen bakoitzean. Barre egiten diote bere lagun guztiek.

Afaldu ere etxean egin du eta afalostean irten da kalera. Ileorde horia dauka buruan. Begi-urdina da bera, eta arrebak urdinez margotu dizkio betazalak ere. Masailetan, urrutira igartzeko besteko hauts pila bota dio eta ezpainak, direnak baino handiagoak ematen dute. Gozo eta gorri.
Kamiseta arrosa dauka jantzita. Gainean ezer ere ez. Hego haizea dabil eta kalean ez du hotzik pasatuko. Tabernetan, traba baino ez dio egingo txaketak eta horregatik utzi du etxean. Gona motz bakeroak estaltzen dio ipurdialdea. Estu-estua da minigona. Ondo margotuta joanez gero ere, berak dioen moduan, gizona dela igarri dadin. Ez dadila bederen, inor nahastu. Ez dadila mutilik gerturatu berarengana.
Berak takoidun zapatarik ez zuela jantziko esaten pasa du astea etxean, baina azkeneko momentuan baietz esan dio arrebari. Jantziko dituela bere bota beltzak. Lauzpabost zentimetroko takoia jantzita, egunero horrelakoak soinean balitu moduan irten da kalera. Arin dabil, ondo. Badaki takoiekin nola ibili, estiloa dauka, klasea. Inauteri gaua da; horregatik daki oin-puntetan ondo ibiltzen. Bihar goizean ahaztu egingo zaio.

Lagunekin betiko lekuan geratu da Ander. Iturri parean. Iritsi denerako han zeuden pailazo bat, hiru bakero eta beste hainbeste indio, kale garbitzaile bat eta obrako langile bi. Eta beste hiru, Hasier, Patxi eta Josu, egunero bezala jantzita.
Ander izan da azkena iristen. Eta ez da lagunen kexak entzun gabe geratu.
- Zer den ba, neskak beti berandu ibili beharra! eh Andere… –bota dio Hasierrek.
- Ez zak adarrik jo! Ez al dituk honek igartzen? –erantzun dio bizkor Anderrek, eskua potrotan jarrita- kontuz ibili hadi gero, ez zaidak niri izenik aldatu. Ander nauk, Ander!
- Bueno, bueno, politta… ez hadi horrela jarri. Ez dun eta horrenbesterako. Erreta al hago? Lasai, goxatuko haut eta nik gero, komunean sartzerakoan.
Ukabila erakutsi dio orduan Anderrek Hasierri, eta bota dion begiradan hitzik esan gabe argi utzi dio hobe zuela isilik egon. Barre egin dute orduan gainontzeko lagunek eta kaleko lehenengo tabernara sartu dira. Leporaino beteta daude taberna guztiak. Kalean ere jendea kantuan, jolasean, barrezka dabil. Ez da larunbat normal bat. Astero parrandan dabiltzan gazteen gurasoak ere daude gaur tabernen kalean.

Bakoitzak hamar euro jarri ditu eta Patxi barrara gerturatu da, diru guztia eskuan zuela. 3 trago eskatu ditu eta txupitoak edateko 13 edalontzi txiki. Tabernaren bazter batean dago koadrila eta bertara eraman dituzte tragoak Patxi eta Hasierrek. Edaria edalontzi txikietan banatzen hasi da orduan Patxi. Goraino bete ditu guztiak, bat izan ezik. Gutxiago bota dio azken horri eta Anderri eman dio barrezka, esanaz, hobe duela berak erdia edanda, neskak ez dutela eta erraz jarraitzen beraien erritmoa. Algara batean erantzun diote gainontzekoek Patxik botatakoari eta Anderrek, bi aldiz pentsatu gabe oraindik banatzeko zeukaten hirugarren kubata hartu, eta oso-osorik edan du trago batean. Eta ondoren bere txupito-basoa jarri dio muturren aurrean Patxiri, goraino bete zezan.

Gaueko lehenengo tragoak bigarrenari egin dio bidea, eta hurrengoak ere ohartu gabe etorri dira. Kaleko taberna gehienetan sartu dira, eta taberna batetik irten diren bakoitzean ohartu dira orduak aurrera joan hala mozkorra handituz doala. Goizeko bostak iritsi direnerako beste bi aldiz jarri dute tragotarako dirua eta parranda hastean baino hiru gutxiago daude. Beñat etxera joan da errekara botaka egin ostean, eta Josu eta Xabierrek ligatu egin dute. Ondo joko diete adarra bi horiei bihar; neskak aspaldiko ezagunak dituzte eta. Ligatu gabe parrandan jarraitu dutenek lagun bien “jokaldia” komentatzen pasatu dute ordu erdi inguru. Lagunei barre egin nahian, inbidia nola ezkutatu asmatzen ez zutela.
Bitartean baina, izan dute askok norekin kontsolatu. Anderri titiak ukitu eta ukitu pasatu dute gaua batzuek. Bigunak direla; ederrak, politak esan diote guztiek. Tenteak eta tamaina onekoak direla esan dio Patxik, berari gustatzen zaizkion modukoak. Anderrek nazka aurpegiz begiratu die guztiei, isiltzeko eta bakean uzteko esan die mila bider, baina ez dio inork kasurik egin.

Gero Hasier gerturatu zaio, Ander hormaren kontra zegoen batean eta eskua minigona azpitik sartuta, berarekin komunera joateko esan dio.
- Aizak, bakea behar diagu eh… nahikoa duk! Marikoi halakoa! -Garrasi eginda urrundu nahi izan du, baina Hasierrek ez du amore eman. Eskuak titien parean jarri eta poliki-poliki kotoizko titiak ukitzen hasi zaio Anderri; ordurako titi forma ere ia galduta bazuten ere.
- Ez zan disimulatu Andere maitia –bota dio burlaka moduan- bazakinat gustura hagola. Zer dun? Gizonegia al naun ba hiretzat? Etor hadi panpoxa, eta erakutsiko dinat ze azkar askatzen ditudan bularretakoak.
- Ze ostia Axi! Bale! Parranda bota nahi diat, ez hire tontokeriak aguantatzen egon! –eta komunera alde egin du haserre.

Komun barrura sartu eta atea itxi orduko ispilua topatu du parez pare. Ordurako trago mordoxka edanda dago eta begiak ere ohitu egin behar izan ditu komuneko argira. Begira-begira geratu da ispilura, oraindik ere ondo ikusten ez duela, burua ere bueltaka hasi zaio. Ohartu da Hasierrek ia titirik gabe utzi duela eta kamiseta arrosa gora jasota, berriz ere kotoia arrebaren enkajedun bularretakoan sartzen hasi da. Uste baino hobeto egin du. Berriz ere kamiseta jaitsi eta titi pare polita geratu zaizkiola konturatu da. Irribarre txiki bat irten zaio orduan, ispiluari begira dagoela, eta bere baitarako esan du:
- Ez diten ez, gezurrik esan eh Andere, politak ditun. –eta bere gau bateko titiei izena jartzea erabaki du.
Galdetu dio bere buruari, bere arrebaren titiek izango ote duten izenik. Berak aspaldi jarri zion izena bere zakilari, 15 urte betetzearekin batera. Malo. Orduan titiak ukitzen hasi da. Goxoki, suabe laztandu ditu titiak, une batez kotoizkoak direla ere ahaztuta. “Bigun izango zara zu” esan du ezkerreko titiari begira; eta eskumakoari, eskua gainean oso-osorik jarrita zuela esan dio “Goxo” deituko dela bera.
Orduan, bi aldiz pentsatu gabe, minigona gerrira jaso, galtzerdi luzeak eta galtzontziloak belaunetaraino jaitsi eta komunean eseri da, ispiluari begiratzeari utzi gabe. Txisa egiten hasi da.
- Ez haiz ez, neska txarra Andere. –esan du, begiak ispiluan, begirada titietan zeukala.
- Ez diat ba, berdina esango hire lagunengatik. Zer dituk, trogloditak?
- Ez zan serio hartu neska. Brometan egiten diten. Mozkortuta zauden. Hori dun dena.
- Mozkortuta? Eta?
- Ba hori. Irten egiten zaien, ez diten pentsatzen, egin egiten diten.
- Zer esan nahi duk, hi ere horrelakoxea haizela? Zergatik haserretu haiz orduan beraiekin? Brometan ari badituk, utziek minigona igotzen, utzi Bigun eta Goxo ukitzen. Brometan ari badituk, zergatik ez diek utzi?
- Ni ez naizelako neska. Ez al dun ulertzen? Nirekin broma gutxi.
Bukatu du Anderrek. Jaiki eta galtzerdiak eta galtzontziloak jasotzen zituen bitartean ohartu da komunean eserita egin duela txisa. Ez dio graziarik egin. Ez daki zergatik egin duen hori, baina berari tente txisa egitea gustatzen zaio. Zakila kanpora atera eta edozein tokitan txisa egitea.
Bonbari eman eta berriz ispilura begiratu duenean ez zaio gustatu ikusi duena. Eskua kamiseta azpian sartu, kotoia atera eta komun zuloan behera bota ditu bi zati goxo eta bigunak. Ezpainetako gorria eskuarekin nolabait ezabatu eta ilehoria lurrean botata laga du komunetik ateari kolpea emanda irten denean. Lagunengana hurbildu, zain zuen kubata trago batean edan, eta etxera doala esan die lagunei.
Takoiekin, hankak minduta dituela eta.