2010-12-30

eta ez naiz ni izan

Inoiz begiratuko ez nionari begira nengoen. 20, 21, ez dakit, 22... mutil baloiaren atzetik; eta neu begira. Inork ez zidan esan... euskaldun izatia zein nekeza dan... ezin esan baina gaizki pasatu dudanik. Ez galdetu nori egin dioten txalo, nor agertuko den lehen planoan, nork eman dituen hiru ostikadak. Ez nituen ezagutzen. Zu ere ez asko. Zuk ere ez ni asko. Baina bazirudien baietz. Inori lapurtutako hitzak bota dizkidazu, inoiz norbaiti entzundako hitz solteak... denak, entzundakoaren kontrara, alderantziz. Esku artean zenuena izango zen. Horrek nahastuko zintuen, akaso.
Ostikada nork jo duen ere aipatu duzu behin edo behin. Txalo egin diozu, aupadaka. Gero, ez da asko gehiago behar izan. Gauak egiten du berea. Gertuegi ginen.
Laster altxatu duzu. Azkar busti zara-naiz-nauzu. Ez nuen halakorik espero. Likatsu laga dizkidazu izter aldea, sabelaren bazterra eta atzamar bat baino gehiago. (Busti egin gara, eta ez naiz ni izan)
Pena, gainera bota didazun tragoak baino ez gaituela busti gaurkoan.
Inork ez zidan esan... euskaldun izatia zein nekeza dan...

2010-12-20

Norbaiti bihotza oparitu zion horri...

Bai, zuri idazteko gogoz nago.
Ez dut gehiegi pentsatu idatzi behar dudan honetan. Egia esan, hitzak bakarrik ateratzen dira, eta presaka nabil gainera, beraz, hemen doa. Laneko mezu baten zain edo hartu dut ordenagailua eta sartu naiz nire email pertsonalean; nire harridura ez gustukorako zure mezu bat aurkitu dut sarrera ontzian.
Ezer baino lehen, eta datozen hitzak horrelakorik adieraziko ez dutenez, eskerrak eman behar dizkizut beste ezertan hasi aurretik. Nire helbidera idatzi didazun mezu horretan azaltzen duzun moduan, bai, abenduaren 22a asteazkena da, eta nik gaizki jarri nuen blogean. Eskerrik asko beraz.
Baina hemendik aurrera, zure bihotz galdu plantan jarraitu nahi baduzu, anonimotasunetik idazten, geratu zaitez blog ireki honek ematen dizkizun pribilegioen barruan.
Pasa den astean, lagun batek baino gehiagok gomendatu zidan zure iruzkinak borratzeko, blogeko iruzkinak egiteko aukera ixteko... posible delako zure intentzio onenarekin idatzi izana iruzkinak, baina ezin duzulako zeuk ere ukatu, erdiak ez direla ulertzen, eta beste erdietan halako misterio ez erakargarri bat azaltzen duzula. Nik ezetz erantzun nien. Blogak bere horretan jarraituko zuela. Baina neuk ere ez dut ukatuko; misterio horrek aspertu egin ninduen azkenerako.
Ohartuko zinen, blogak bere horretan jarraitzen duela. Iruzkinak egiten jarraitu dezakezu, planteatu nahi izanez gero nik neuk bederen ulertuko ez ditudan ekuazio matematiko arraroak, idatzi poesiak zenbakien birtuteen inguruan, baina gauza bat utzi nahi dizut argi, eta hemendik, publikoki: nor zaren ez dakidan bitartean, ez berriz niri mezurik idatzi nire email helbidera. Hori lagun, ezagun, eta konfiantzazko jendearentzako helbide bat da; besteontzat, hemen egonda nahikoa.
Barregarria iruditzen zait egoera hau. Ia-ia lepoa jokatuko nuke ezaguna zarela, zerbait gehiago ere jokatuko nuke, akaso laguna ere bazaitudala... adarra jotzeko modu xelebrea zurea. Deituidazu bordea nahi izanez gero, arraroa irudituko zaizu akaso, baina ez zait zure mezua gustatu.
Eta beste gauzatxo bat esango dizut. Horrela, pikatuta harrapatu nauzulako: zure bihotz lapurretaren perfil zibernetiko horretan, kontuz ibili; ez duzu eta beti mrbastelcorazon delakoa berdin idazten! eta azken aldian denbora asko daukat libre, internetean ikerketak abiatzeko. Ez zara uste duzun bezain anonimoa.
Hurrengo ikusten zaitudanean, keinu egingo dizut begiaz. Honez gero bihotza berreskuratu baduzu, hitz egin dezakegu aurrez aurre matematikaz, edo literaturaz. Bestela, topatuko gara berriz ere hemen.

Zeuk bidalitako mezuan esan didazun moduan... Ondo izan!

2010-12-09

Neguak, hori da duena

Ze hotz.
Esaten dit txamarra handidun lagunak.
Belarriak ere estali dizkio artile beltzak.
Malko batek busti dio ezkerreko begia.

Euskal Herri tropikala.
Erantzun diot nik, barrezka
eta gerritik heldu diot, ez dezan berriro errepikatu... ze hotz.

Baina batek badaki, hemen bizi bada, horrela behar duela neguak. Eskularruak, txamarra handia eta artilea, denaren gainetik artilea (nahiz modan jarri duen Durangesadoak bestelako Himalaya-moda bat) behar dituela neguak kalean ibiliko bada. Eta bada beste gauza bat. Baselina. Ezpainei ez dielako ezer zor neguak Euskal Herrian, ez dielako barkamenik zor. Treguarik ere ez. Eta bere horretan, ezpainak zartatu egiten dituelako neguak, edo bere hotzak.
Eta hotz horretatik atera nahian dabilenak, bero bila gerritik helduta, ikusiko du... hotzak ez ezik, beroak ere zartatzen dituela ezpain batzuk Euskal Herrian.
Beraz, orain gutxi, ezpainez betetako lagun arte bero hartan esaten genuen moduan... ante todo, baselina al cuerpo! Ez dadila izan hotza, gorputza dar-daraka jarriko diguna!

2010-12-03

Ostiral goizeko galderak

Zer da erromantikoagoa, euria ala elurra? Zer da politagoa, kaio 1 erreka (itsas adar) gainean hegan, ala 11 kaio Bilboko Erriberako barandila zurian kieto-kieto?
Zerk bustitzen gaitu gehiago, euriak ala txingorrak? Zerk ematen digu min?
Zergatik diogu beldurra etxera bakarrik joateari? Atzetik segika daukagun horregatik ala ez delako hori atzetik etorri?
Nork esan zigun 1 + 1, 2 zirela? Noiz sinestu genuen hori?

Zergatik uste dugu galdera guztiek behar dutela erantzun bat, eta bakarra?
matematika ordu gehiegi dago eskoletan, edo matematika gehiegi erabili da literaturan. 2etako1.

2010-11-30

"Nahi dudan guztia... nahi dudan gauza bakarra"

Harremanak, lagunak, momentu politak, plazerra, barrea, negarra, egun grisak, zerua, etxea, tabernak, afariak, poteoak, patata tortila, pertsonak, ni, irribarrea ahotik kendu ezina, ilusioa, emozioak, tristura, nostalgia, beldurrak, konpartitzea, hitz egitea, sentimenduak, lotsa, maitasuna, beharra, amets egitea esna, deskantsua, isiltasuna, oihuak, janaria, gizartea, hotza, taldea, begirada sarkorrak, norbanakoa, besarkadak, laztanak, idaztea, konfiantza, baleta, kaletik eskua emanda joatea, ezpain gorriak, ber-elkartzeak, Euskal Herria, sudur gorriak, etxekoak, maitaleak, gau luzeak, lo egin ezina, paseatzea, argazki zaharrak ikustea, momentu txikiak, usainak, abesti bat, argazki berriak ateratzea, mezu polit bat mobilean, email luze bat egun aspergarri batean, lore bat, espero ez nituen hitz batzuk, mila bider ikusitako pelikula, gona motz bat, minik gabeko hilekoa, ilea moztea, iluntzeko bainu bat biluzik itsasoan, limoizko izozkia, malko bat barre algara batean, elurraren zuritasuna, belarrira asperen bat, hozka bat lepoan, kandela baten argia, amamaren bainen purea, lo hartu aurreko azken hitzak, masaje bat, mundua konpontzeko berriketaldi luze bat, neure buruarekin berba egitea, lagunen berri onak, nekea, logurea, indarra, lotsagabekeria, harrotasuna, sinestea.
Ez dut asko gehiago behar. Bizirik bizi naiz.

2010-11-29

Barrura sartu didazu

Begiak itxi ditut.
Gehiago ezingo dudalakoan.
Horrela ari zarela, iristen da puntu bat itxi egin behar ditudana.
Goxoki zatoz.
Belarrian somatzen zaitut. Sudurrean...
somatzen zaitut.
Mila hitz esan dizkidazu ahorik zabaldu gabe.
Nik ahoa zabaldu dut.
Hasi zara sartzen.
Ez daukat toperik, gaur ez.
berriz ez dut begirik itxiko. Sartu zaitezen nahi dut.
Zabalik naukazu. Sartu.
Somatzen zaitut. Batera bestera, nire barruan.
Luzatu egin duzu, gogortu... zorrotz.
Barruan somatzen zaitut.
Barruraino sartu zara, sartu didazu
begirada.
Inoiz ez zait begirada bat,
horren barrura sartu.
Eta barre egiten dudala diozu.
Berriz ez dut begirik itxiko.

2010-11-27

Maitemintzen nauzue

Bapatean lurra zuritzeraino iritsi zen txingorrak eman zion hasiera. Hemen zinen jada. Nahikoa genuen horrekin. Baina hala ere, ezpainak margotu genituen gorriz, atzoko gauaren marka geratu zedin edo, nonbait, muxuren batean. Sugur gorriak poltsikoan... ez genuen aterkirik behar atzo ere. Dantza ez, salto egin genuen euripean... oihuka, el patriarcado, el patriarcado... txingorraren kulpa ere berak atzo. Baina gu pozik. Ez da triste egoteko eguna. Garrasi egiteko eguna da, bale, ados, ba egin genuen. Ardoz busti genituen ezpainak, txokolatezko pastelez zikindu hortzak... berba goxoz busti belarriak. Neskak, atzo argi geratu zen, gaur agerian geratzen ari da nire hitzetan... maiteminduta naukazue. Hori da dena, esan dut, listo. Maitemintzen nauzue elkarri begiratzen diogun bakoitzean. Horrela, berbeta kulto horrekin, geure teoriak ateratzen hasten garenean... sasi jakintsuen neurrian, la ostia garela sinesten dugunean. Ez al gara, ba? Eta ukitzen zaituztedanean... zuen gorputz erotiko, goxo horiek nire ohean sartuta... zanpatzen nauzuenean zuon kontra, itotzeraino!
Besoa jaso eta argentinarrak bagina (bajina bagina...) moduan hasten garenean nuetra kontxa gora eta nuetra kontxa behera... denak dauka zentzua, zentzugabekeria orok! Eta nire kamararen aurrean jarri, eta Euskadi Irratiko mikroari Laboarenak egiten hasten zarenean, Egigureni esan beharrekoak esaten...
Maite dut elkartu, eta sentitzea mundua geratu egin dela. Ez diola inporta zer ari den gertatzen. Ez dela ezer aldatuko, honek horrela jarraitzen badu! Maite dut gau bat elkarrekin pasa, eta ohean saltoka esnatzea, kantuan, nahiz ardoa buruan kolpeka ari zaidan.
Gustatzen zait horrenbeste zuekin egotea, ez zaidala inporta beste gauza batzuk gaizki joatea. Eta bart esaten genuen moduan... harro esango dugu, norbaitek gaizki joate horretan, popatik eman behar badigu... ez gara arduratuko!
Eman diezagutela popatik, eman! (eurak ez dakite baina) Baselina emanda arrapatuko gaituzte!! Eta nola ez, dantzan!!!

2010-11-24

Lagun baten, lagun baten, lagun batzuk...

nire lagun baten, lagun baten, lagun batzuk... eta nire lagun askok ere... denok, orokorrean, arazo larri bat daukagu. Ez gara ohartzen, baina gure inteligentzia gaitasunak egunetik egunera, generazioz generazio gutxituz joan direla diogunean, ez dugu gezurrik esaten.
Garai batean asko genekien, zekiten. Hori beti esaten zuen gure amamak ere. Nik ez nion osorik sinesten, esaten zuenean; ez zekien interneta zer zen. 13 urte nituen. Batzuetan beranduegi ohartzen gara zenbait gauza garrantzitsutaz. Baina ez da hori gaurko gaia.
Kontua da, garai batean asko zekitela. Bazekiten inguruan zutenetik jaten, ingurua zaintzen, ingurua mantentzen, hobetzen... bizirauteko ez ezik, bizirik irauteko. Eta ez naiz baserriko baratza eta ganaduataz ari. Harremanetaz ari naiz, beste behin.
Baina egun ahaztu egin ditugu atzean utzitako baratza eta ganaduarekin batera, beste gauza asko ere. Ez dakit nik daukadan pentsatzeko denbora gehiegi egunean zehar, edo jendeak ez duen batere pentsatzen, baina sarritan uste dut tontoak garela. Bai, hori da hitza. Ton-to-ak!
Ez bagara gai ulertzeko harremanek ematen digutena, ez bagara gai gozatzeko bakoitzarekin, elikatzeko nahi dugun heinean eta baztertzeko merezi ez badigu, ez bagara gai beste gauza askorekin egiten dugun moduan gertaerei aurre hartzeko, hitz egiteko, lantzeko, goxatzeko, nahi duguna esan eta egiteko... albokoari merezi duena eskaintzeko, albokoarengandik nahi duguna jasotzeko...
Orduan, benetan esaten dizuet, ez dakit zertarako gauden hemen. Ez dakit zertarako ikasten dugun, zertarako esnatzen garen egunero, zertarako lo hartzen dugun egunero, hurrengo egunean esnatzeko asmotan.
Ez dut ulertzen beldurrezko pelikulekin beldurtzen ez den jendea. Baina are gutxiago ulertzen dut, beldurrezko pelikulekin beldurtu ez, eta ondoren bere albokoak emango dionarekin beldurtzen dena. Amorratu egiten nau. Zeren beldur zara?
Mesedez, arren, otoi! Emozioen kudeaketa jasangarri bat orain! Emozioen kudeaketa jasangarri baten alde, denok gozatzera, hitz egitera, dantzatzera, ezetz esatera, baietz esatera, horrek entzutera!
Emozioen kudeaketa jasangarri bat orain!
Eta hori iritsi bitartean, jarri bolumena topera eta egin dantza euripean, honek ez du eta geratzeko asmorik!

2010-11-22

Behin (bigarrenez)

(Hauxe idatzi duzu.
Eta gustatu zait Kattalin, asko. Hori esan behar dizut beste ezer baino lehen. Baina orain, tori beste hau, eta ohartu zaitez, zuk esaten duzun guztiaren gainetik... ez zaudela ama izatetik, horren urrun.)

Behin, eskuak heldu zizkidan gogor
eta bortizki bultza sofara.

Biluzteko agindu zidan
eta nik egin.
Gainean eseri zen,
biluzik bera ere,
eta hankak ireki zizkidan gogor,
belaunikatu egin zen nire iztarren gainean.
Gogor kolpatu zidan gerria,
bi eskuez.
Bere irribarre urduria ez nuen ulertzen.
Haserre ote zen,
edo agian pozik,
berriz ginelako horretan.

Ura bota zidan bularrera,
eta gero alura.

Nik esan nahi nion,
enuela lubrikazio beharrik,
baina mutututa nengoen,
eztarria handituta.

Eskuak askatu zizkidan,
baina ez mugitzeko agindua eman atzetik.

Eta ulertu nuen urarena orduan,
eskua, esku osoa, ukabila ondoren, sartu baitzidan barrura.

Uste dut une batez hil egin nintzela.
Gero dena, dena odola zen nire aluan.

Eta negarrez somatu zintudan ondoren.
Altxa, eta ez mugitzeko agintzen jarraitu zuen.
Malko artean jantzi zinen
mantso.
Oso mantso.

Atetik eraman zintuela ikusi nuen orduan,
eta ezin nizun ezer ere esan,
ahotsa, borondatea, lapurtu baitzenizkidan ordurako.

Haren azken hitzak entzuten ditut oraindik tarteka,

Barkatuko didazu noizbait.

Eta han geratu nintzen,
biluzik,
mina gailentzen hasi zenean.

Eta ulertu egin nuen orduan,
odolez ulertu,
zer zen barruan nuena,
ulertu egin nuen orduan,
odolez ulertu,
zu ez zinela, sobera nigan.

2010-11-19

Barruak hustuta...

euria ari du, euria...
eta saltoka... dantzan aritzeak bustitzen gaitu. Ez dugu aterkirik behar, nahiz euria ari duen, nahiz busti garen, kalean ez dago potzurik.
Ez dugu aterkirik behar, baina jantzi txanoa, etxetik irten aurretik.
Inoiz ezin da jakin noiz sartuko diren lainoak, itsaso aldetik.
Eta behin sartuta, pena geratzen bazara euritan dantza egin gabe, gehiegi bustitzearen beldurrez!

2010-11-17

bapatean, urte bete igaro da

Ez dut esango ohartu ez naizenik. Ez dut esango oroitzen ez naizenik. Atzo izan balitz moduan gogoratu dezaket dei hura. Gau hura. Eta ondorengo egunak. Baina hala ere...
zuk ez duzu berdina esango, baina niri azkar pasatu zait urtea. Motz geratu zait. Edo egunak galdu zaizkit, euren bila hasita. Egiteko nituenak egiteke joan da urtea. Ez nizun idatzitakoa bidali. Sobrean sartuta izan nuen, baina ez nizun bidali. Ez dakit zergatik egiten diren horrelako gauzak, baina ez da (nire) lehen aldia. Eta urte osoan oroitu naiz, baina orain bereziki esaten dut, ez nizun bidali. Ez dakit zer idatzi nizun. Baina ziurrenik, gaurko eguna iritsiko zela esaten bukatuko nuen eskutitza.
Iritsi da eguna, eta gaur naiz zuri idazteko kapaza. Urduritasuna izango da.
Bazen ordua, ongi etorri artista!

2010-11-10

euripean nator... busti nahian!

Denbora pasatzen da, egunak joan eta etorri egiten dira... eta hemen ezer aldatzen ez dela dionak... gezurra esaten du!
Nik ez daukat gezurretan aritzeko gogorik. Egiak esateko gogoz nabil aspaldion. Pentsatzen dudana esateko gogoz. Irakasle batek esan zidan behin, 16 urte-edo izango nituen orduan, bihotzetik ahora baino, burutik pasata bidali behar nituela hitzak ahora. Ez nion arrazoirik kendu orduan. Gaur ere arrazoia emango nioke hala esango balit. Baina arrazoiak ez du beti balio. Gerrak ere, ez omen zituen arrazoiak hasi. Eta gerran bizi gara, gerrak bizi gaitu, ez ahaztu hori.
Denbora pasatzen da, eta egunak gero eta motzagoak iruditzen zaizkit. Gero eta barre gehiago egiten dut. Gero eta negar gehiago egiten dut. Gero eta salto gehiago egiten dut. Gero eta korrika gehiago egiten dut (behingoz puntuala izateko hartu dudan konpromezu horregatik akaso). Baina gaur, euria egin du, txingorrak jo dit burua gogor, eta ez dut korrikarik egin. Trena galtzear egon naiz, baina ez dut korrikarik egin. Barre egin dut, goitik behera busti naizela ikusi dudanean negargurea ere sentitu dudan arren. Barre algaraka hasi naiz neu bakarrik, bilboko autobus bat paretik pasa eta praka guztia zipriztinez bete didanean. Txingorra ilean kateatu zaidanean. Ia-ia labainduta lurrera erori naizenean.
Eguraldi honek, barregurea eragin dit gaur. Eta polita da hori.
Pena bakarra daukat. Pelikulako eszena bizi nahi dut. Badugu eszenatokia. 3, 2, 1, HASI.
Euripean ikusi zaitut. Ikusi nauzu. Aterkia lurrera bota dugu. Ni baleta dantzatzen hasi naiz. Barrezka nago, kalean entzuten da nire barrea. Zurea ere orain. Besotik heldu, eta batera egin dugu salto gora, gora. Une batez, eskuekin zerua ukituko bagenu bezala igo ditugu besoak. Gora begira, aurpegia busti digu euriak.
Ez da busti den gauza bakarra.

2010-06-11

Delirium (cua)TREMENS(tral)

Graziosoa da. Azterketetan nola transformatzen garen ikustea. Guretzat, da graziosoa. Albokoarentzat paranoia izugarria izan daiteke, beldurtzeko besteko amets gaiztoa... baina ahaztu albokoak. Barregarria izaten jarraitzen du.
Kuriosoa da, ze lehenago ere sarritan aipatu izan dut hemen (eta entzuten diot edonori) normalean egiten ez ditudan gauzak egiten hasten naizela (eta garela). Eta normalean egiten ez ditugun gauza guzti horien artean, garrantzia berezia hartzen du puntu batek: MATERIAL ESCOLAR. Lehen liburu dendara, orain txinora, joaten naiz eta edozer erosten dut. Egun batetik bestera paper artean ordena gustatzen zaion pertsona bilakatzen naiz. Post-it, post-at, post-et eta beste denak erosi ditzaket egun bakar batean. Irten naiteke dendatik kolore fosforito zatar hori daukaten lau rotulagailu desberdinekin, eta beste bost karpeta desberdin, plastiko transparente horiek, eta nola ez, klasifikagailu bat, folioak, (zuriak eta koloretakoak) eta zelo, eta zelo jartzeko katxarrito polit hori, eta grapagailu bat, hartu dudan grapagailurako balio ez duten grapak, eta zulagailua... eta etxera iritsi, eta dena ordenatzen hasten naiz. Eta hasieran ikasteko hartuta neukan denboraren erdia pasatzen dut horretan. Eta gero ohartzen naiz, apunteak falta zaizkidala, edo horrelako edozein tontakeria (txiki... ejem...) eta orduan agobiatzen hasten naiz, ahazten dut material guzti hori, eta bukatzen dut, edozeinen apunteak, betiko arkatzarekin azpimarratzen. Eta hurrengo egunean ere berdina gertatzen zait, eta hurrengoan, eta horrenbeste agobiatzen naiz, inguru guztia nahasten dudala, logelak desastre bat eginda bukatzen duela (eta denbora galtzeko hori ordenatzen hasten ez banaiz behintzat) galdu egiten dut erosi dudan material polit eta kolotsu guztia; eta orduan, besterik gabe, behar ez dudala pentsatzen dut. Hurrengo azterketara arte, noski.

2010-06-02

Warhol, Warhol...


oh, mary linn, mary linn... larrosa ta krabelin!!!!
warhol, warhol... why? jooorrrrrrrrrrr!!!!!!!!!!! what? jo, jo, jo...
Ez da posible... ezin liteke...
Zergatik, guztion musa, guztion eredu...erotiko... sortu zuen norbaitek zure aurpegitik horrelako irudi desfiguratua! zergatik egin zintuzten koloreko, horren bazinen ederra, polita... ezpain gorri eta soineko zuriz... ia-ia-zuri-beltzean.
Zergatik nahi dute dena koloreko, kolore zatarreko... zergatik desfiguratzen dituzte horrenbeste koloreak, bukatzeko bizitza zuri-beltzean bizitzen? azterketen itzaletan...
markapaginasen eta azpimarragailuen koloreak baino ez ditut ezagutzen...liburu zuri beltzetan.

Eta orain zu... orain berriz zu. Zure kolore desgraziatuekin... pototxoparen borrero nazkagarriek madarikatu zintuztenian... egon nahi nuen bertan, esateko, ez zezatela zabaldu irudi hura! baina ez! ez nintzen egon, eta orain, ikasi beharra daukat hori egiten, edozein irudirekin... edozein izango bazina bezala, zu, mary linn.
Burla egin diet aurrez, baina barita magika, kortar-pegar, imagen-rekortar, eta muestra de kolores nahi ditut!
Baina egia da, onegia naiz beraientzako. Ez naute merezi. Beraz... warhol, warhol... zure bila noa... mary linni eskutik oratuta!

2010-05-25

Hasi dira!


Hasi dira, eta irudiek beraien kabuz hitz egiten dutenez ez naiz luzatuko.
Ez dakit aurten kronikak izango diren, izango diren albiste motzak edo foto-erreportajeak. Baina jasoko duzu zerbait. Momentuak merezi du eta!

2010-05-18

Eskerrik asko!

Beste urte bat. Beste urte batez, egin dut lo gaurko egunez begiak zabalik. Norbaitek noiz esnatuko, noiz etorriko inor logelara garrasika! Edo nork deituko telefonoz... ni baino goizago dabilen inor...
Askok normal, ezer egin gabe pasatzen dituzte horrelako egunak. Ulertzen dut. Baina nik, urtean zehar kanpora pasiara ateratzen dudan nire barruko umea, bereziki gaur ateratzen dut kanpora. Eta gustatu egiten zaizkit globoak, erregalo papera, jateko bereziak, muxuak, besarkadak, belarriko tirakadak eta deiak, mensajeak, email politak... Eta beti egoten da norbait esaten didana umekeria dela hori, egunero dela nire eguna eta horrelako tontokeriak... baina nik ez dut nahi egunero nire eguna izaterik. Ez dut nahi egunero norbaiten deiarekin esnatu, edo mobila aldean eramatea egun osoan, edo egunero jatea gehien gustatzen zaidan jatekoa, edo jasotzea behar ez ditudan opariak...
baina bai egun batez.
Egun batez, edozein arazo ahazten dut. Dena izaten da polita, horrela izatea nahi dudalako, eta hori ulertzen ez duenak, hobe du gaur nire ondora ez gerturatu!
Gaur, nire eguna da. Eta ospatu nahi dut, nik nahi dudan moduan!

2010-05-11

Jaiki gara, eta nola gainera!

Hernani, hiru egun, 150 neska gazte feminista.
150 arrazoi baino gehiago, 150 begirada, 150 irribarre, 150 besarkada, 150 ezpain gorri, 150 hitz baino gehiago, ahots, irudipen, bizipen... Helburu bakarra.
Hanka Hutsik joan nintzen, beteta itzuli naiz. Saltoka itzuli naiz, hankak lurrean ditudala, eta eskuak zeruan... eta hegan... Hernanin bizitakoarekin. Hitzak falta zaizkit gaur. Irudiz beteta nago. Momentu politez beteta daukat burua. Bihotza! (zergatik ez, ni ere hippy!)
Kuleroak ditut buruan... eta kuleroak hanka artean...blai. Busti egin nauzue. Zuen hitzek busti egin naute. Muxu eta besarkadek. Malkoz eta bestelakoz busti nauzue. Maitasunez gainezka esaten genuen igandean eta horrelaxe jarraitzen dut. Amorruz eta irribarrez begiratze dut ingurura. Harro gogoratzen dut Hernanin egon nintzela. Harro kontatzen diet ingurukoei mila identitate ditudala barruan, nahi dudana naizela. Feminista sentitzen naizela... feminista dela nire jarduna. Pantoja bat dudala barruan, ateratzen dudala maiz. Kontaktua gustatzen zaidala, jolasteko. Sortzaile naizela ni ere. Eta artista. Potentziala dago neskak! potentziala! ONAK GARA! esaten dut harro. Harrotasunez, harrokeriarik gabe.
Ez dut ahaztuko, sekula. Eta ez naiz aspertzen, esateaz... zorionak eta eskerrik asko!

2010-03-08

gaur. atzo eta bihar


Zorionak jaso ditut dagoeneko.
neska izatearen zorionak. Zoriondu nau(te) neska izatearren, eta alaba, emakumea, ahizpa eta emakume bizarduna. Takoiak erabiltzearren, ezpainak gorriz margotzearren, gona motxak janztearren eta prakak erabiltzearren, izerdi usaina izatearren eta iletsua. Depilatzearren, eta polita eta zatarra izatearren. eta argala izatearren batzuetan eta lodia beste batzuetan. Etxeko lanak egitea gustatu egiten zaidalako, eta borrokalaria naizelako, histerika, depresioak jota egoten naizelako batzuetan eta hurrengoan irribarrea ahotik kendu ezinda, eta exageratua naizelako askoren iritziz eta negar egiten dudalako, barre, eta garrasi; baina isilik egoten ere badakidalako, eta baietz esaten dudalako eta ezetz esaten dudalako.
Zoriondu nau(te) . Gaur.
eta nik, gaur, zoriontzen zaituztet ni bezalakoak, berdinak ez zaretenok, izan nahi ez duzuenok. Eta atzo eta bihar, esaten dizuet, segi izaten more eta gorri!
Begiak more, eta ezpainak gorri!

2010-03-05

Broma eta laztan artean, bi aurpegi

Aspaldi pentsatu zuen Anderrek gaur gaueko mozorroa. Baina denbora luzez egon da hala ere etxean ondo jantzi eta kalera irten arte. Arrebaren laguntza behar izan du horretarako ere. Berak sarritan lagun artean esan izan duen moduan, ez da eta Ander emakumekeriekin jolasean jardutekoa. Mutila da bera, aita bezain gizona. Eta kito. Horregatik behar izan du horrenbeste denbora. Berak ez dakielako begiak ondo margotzen, ez eta ezpainetan kolore gorri hori ondo geratzeko nola zabaldu behar diren ezpainak. Ez daki gona motxaren azpitik jantzi behar dituen galtzerdi luzeak nola sartu behar dituen, neska gaiztoek izaten dituzten karrera delako horiek egin ez ditzan galtzerdietan. Kotoia jarri du titien pare, baina bularrekoa lotzen ere arrebak lagundu behar izan dio. Berak, nola askatzen diren baino ez omen daki. Barre egiten du Anderrek horrelakoak esaten dituen bakoitzean. Barre egiten diote bere lagun guztiek.

Afaldu ere etxean egin du eta afalostean irten da kalera. Ileorde horia dauka buruan. Begi-urdina da bera, eta arrebak urdinez margotu dizkio betazalak ere. Masailetan, urrutira igartzeko besteko hauts pila bota dio eta ezpainak, direnak baino handiagoak ematen dute. Gozo eta gorri.
Kamiseta arrosa dauka jantzita. Gainean ezer ere ez. Hego haizea dabil eta kalean ez du hotzik pasatuko. Tabernetan, traba baino ez dio egingo txaketak eta horregatik utzi du etxean. Gona motz bakeroak estaltzen dio ipurdialdea. Estu-estua da minigona. Ondo margotuta joanez gero ere, berak dioen moduan, gizona dela igarri dadin. Ez dadila bederen, inor nahastu. Ez dadila mutilik gerturatu berarengana.
Berak takoidun zapatarik ez zuela jantziko esaten pasa du astea etxean, baina azkeneko momentuan baietz esan dio arrebari. Jantziko dituela bere bota beltzak. Lauzpabost zentimetroko takoia jantzita, egunero horrelakoak soinean balitu moduan irten da kalera. Arin dabil, ondo. Badaki takoiekin nola ibili, estiloa dauka, klasea. Inauteri gaua da; horregatik daki oin-puntetan ondo ibiltzen. Bihar goizean ahaztu egingo zaio.

Lagunekin betiko lekuan geratu da Ander. Iturri parean. Iritsi denerako han zeuden pailazo bat, hiru bakero eta beste hainbeste indio, kale garbitzaile bat eta obrako langile bi. Eta beste hiru, Hasier, Patxi eta Josu, egunero bezala jantzita.
Ander izan da azkena iristen. Eta ez da lagunen kexak entzun gabe geratu.
- Zer den ba, neskak beti berandu ibili beharra! eh Andere… –bota dio Hasierrek.
- Ez zak adarrik jo! Ez al dituk honek igartzen? –erantzun dio bizkor Anderrek, eskua potrotan jarrita- kontuz ibili hadi gero, ez zaidak niri izenik aldatu. Ander nauk, Ander!
- Bueno, bueno, politta… ez hadi horrela jarri. Ez dun eta horrenbesterako. Erreta al hago? Lasai, goxatuko haut eta nik gero, komunean sartzerakoan.
Ukabila erakutsi dio orduan Anderrek Hasierri, eta bota dion begiradan hitzik esan gabe argi utzi dio hobe zuela isilik egon. Barre egin dute orduan gainontzeko lagunek eta kaleko lehenengo tabernara sartu dira. Leporaino beteta daude taberna guztiak. Kalean ere jendea kantuan, jolasean, barrezka dabil. Ez da larunbat normal bat. Astero parrandan dabiltzan gazteen gurasoak ere daude gaur tabernen kalean.

Bakoitzak hamar euro jarri ditu eta Patxi barrara gerturatu da, diru guztia eskuan zuela. 3 trago eskatu ditu eta txupitoak edateko 13 edalontzi txiki. Tabernaren bazter batean dago koadrila eta bertara eraman dituzte tragoak Patxi eta Hasierrek. Edaria edalontzi txikietan banatzen hasi da orduan Patxi. Goraino bete ditu guztiak, bat izan ezik. Gutxiago bota dio azken horri eta Anderri eman dio barrezka, esanaz, hobe duela berak erdia edanda, neskak ez dutela eta erraz jarraitzen beraien erritmoa. Algara batean erantzun diote gainontzekoek Patxik botatakoari eta Anderrek, bi aldiz pentsatu gabe oraindik banatzeko zeukaten hirugarren kubata hartu, eta oso-osorik edan du trago batean. Eta ondoren bere txupito-basoa jarri dio muturren aurrean Patxiri, goraino bete zezan.

Gaueko lehenengo tragoak bigarrenari egin dio bidea, eta hurrengoak ere ohartu gabe etorri dira. Kaleko taberna gehienetan sartu dira, eta taberna batetik irten diren bakoitzean ohartu dira orduak aurrera joan hala mozkorra handituz doala. Goizeko bostak iritsi direnerako beste bi aldiz jarri dute tragotarako dirua eta parranda hastean baino hiru gutxiago daude. Beñat etxera joan da errekara botaka egin ostean, eta Josu eta Xabierrek ligatu egin dute. Ondo joko diete adarra bi horiei bihar; neskak aspaldiko ezagunak dituzte eta. Ligatu gabe parrandan jarraitu dutenek lagun bien “jokaldia” komentatzen pasatu dute ordu erdi inguru. Lagunei barre egin nahian, inbidia nola ezkutatu asmatzen ez zutela.
Bitartean baina, izan dute askok norekin kontsolatu. Anderri titiak ukitu eta ukitu pasatu dute gaua batzuek. Bigunak direla; ederrak, politak esan diote guztiek. Tenteak eta tamaina onekoak direla esan dio Patxik, berari gustatzen zaizkion modukoak. Anderrek nazka aurpegiz begiratu die guztiei, isiltzeko eta bakean uzteko esan die mila bider, baina ez dio inork kasurik egin.

Gero Hasier gerturatu zaio, Ander hormaren kontra zegoen batean eta eskua minigona azpitik sartuta, berarekin komunera joateko esan dio.
- Aizak, bakea behar diagu eh… nahikoa duk! Marikoi halakoa! -Garrasi eginda urrundu nahi izan du, baina Hasierrek ez du amore eman. Eskuak titien parean jarri eta poliki-poliki kotoizko titiak ukitzen hasi zaio Anderri; ordurako titi forma ere ia galduta bazuten ere.
- Ez zan disimulatu Andere maitia –bota dio burlaka moduan- bazakinat gustura hagola. Zer dun? Gizonegia al naun ba hiretzat? Etor hadi panpoxa, eta erakutsiko dinat ze azkar askatzen ditudan bularretakoak.
- Ze ostia Axi! Bale! Parranda bota nahi diat, ez hire tontokeriak aguantatzen egon! –eta komunera alde egin du haserre.

Komun barrura sartu eta atea itxi orduko ispilua topatu du parez pare. Ordurako trago mordoxka edanda dago eta begiak ere ohitu egin behar izan ditu komuneko argira. Begira-begira geratu da ispilura, oraindik ere ondo ikusten ez duela, burua ere bueltaka hasi zaio. Ohartu da Hasierrek ia titirik gabe utzi duela eta kamiseta arrosa gora jasota, berriz ere kotoia arrebaren enkajedun bularretakoan sartzen hasi da. Uste baino hobeto egin du. Berriz ere kamiseta jaitsi eta titi pare polita geratu zaizkiola konturatu da. Irribarre txiki bat irten zaio orduan, ispiluari begira dagoela, eta bere baitarako esan du:
- Ez diten ez, gezurrik esan eh Andere, politak ditun. –eta bere gau bateko titiei izena jartzea erabaki du.
Galdetu dio bere buruari, bere arrebaren titiek izango ote duten izenik. Berak aspaldi jarri zion izena bere zakilari, 15 urte betetzearekin batera. Malo. Orduan titiak ukitzen hasi da. Goxoki, suabe laztandu ditu titiak, une batez kotoizkoak direla ere ahaztuta. “Bigun izango zara zu” esan du ezkerreko titiari begira; eta eskumakoari, eskua gainean oso-osorik jarrita zuela esan dio “Goxo” deituko dela bera.
Orduan, bi aldiz pentsatu gabe, minigona gerrira jaso, galtzerdi luzeak eta galtzontziloak belaunetaraino jaitsi eta komunean eseri da, ispiluari begiratzeari utzi gabe. Txisa egiten hasi da.
- Ez haiz ez, neska txarra Andere. –esan du, begiak ispiluan, begirada titietan zeukala.
- Ez diat ba, berdina esango hire lagunengatik. Zer dituk, trogloditak?
- Ez zan serio hartu neska. Brometan egiten diten. Mozkortuta zauden. Hori dun dena.
- Mozkortuta? Eta?
- Ba hori. Irten egiten zaien, ez diten pentsatzen, egin egiten diten.
- Zer esan nahi duk, hi ere horrelakoxea haizela? Zergatik haserretu haiz orduan beraiekin? Brometan ari badituk, utziek minigona igotzen, utzi Bigun eta Goxo ukitzen. Brometan ari badituk, zergatik ez diek utzi?
- Ni ez naizelako neska. Ez al dun ulertzen? Nirekin broma gutxi.
Bukatu du Anderrek. Jaiki eta galtzerdiak eta galtzontziloak jasotzen zituen bitartean ohartu da komunean eserita egin duela txisa. Ez dio graziarik egin. Ez daki zergatik egin duen hori, baina berari tente txisa egitea gustatzen zaio. Zakila kanpora atera eta edozein tokitan txisa egitea.
Bonbari eman eta berriz ispilura begiratu duenean ez zaio gustatu ikusi duena. Eskua kamiseta azpian sartu, kotoia atera eta komun zuloan behera bota ditu bi zati goxo eta bigunak. Ezpainetako gorria eskuarekin nolabait ezabatu eta ilehoria lurrean botata laga du komunetik ateari kolpea emanda irten denean. Lagunengana hurbildu, zain zuen kubata trago batean edan, eta etxera doala esan die lagunei.
Takoiekin, hankak minduta dituela eta.

2010-02-11

Ez begiratu behera, ez begiratu atzera


Zutitu, lasai, azkarregi ez, baina denborarik galdu gabe.
ez begiratu gehiegi ingurura. begiratu aurrera. metari begira jarri, eta hasi ibiltzen. eta behin hasita, ez gehiegi geratu. arnasa hartzeko bai, behar izanez gero.
edo urduri jarri bazara, orduan ere geratu. baina sekula ez hanka biak parean dituzula.
ekarri bat, beti aurrera. segi bidean, edo bidean galduko zara. eta bidea galduko duzu.
ez dira eta, hari finak beti, horren erraz, horren eder topatzen.
Uste izaten dugu ekilibrioak ez duela merezi. dena erraza ez bada, alperrik gabiltzala eta oker.
eta orduan hasten gara okertzen.
ekilibrioa, ez da eta estutasuna. edo klaustrofobia.
ondo tenkatutako haria, ondo emandako pausoa, arnasa hartzeko ondo egindako pausaldia, eta hari berdinean dabiltzen oinen arteko dantza baino ez da.
eta badakit, ondo dantzatutako dantzak, dantzan jarraitzera bultzatzen nauela, beti.

baina badakit ere, ez dela erraza. zirkoetan ere, ekilibristak eta ekilibristak dauden bezala.