2011-03-22

"puntatxu bakarrik"

Zain nengoen. Zure kilikilien zain nengoen; nondik etorriko, nongo atea joko, noiz.
Une batez beldurtu naiz. Pentsatu dut ez zela nahikoa izan. Ez zenuela belarrira putzada bat, bizkarrean aupada bat behar. Gehiago zela behar zenuena eta nik irribarrez bidali nizula komeni ez zena. 
Baina poztu egin naiz ikusita batera edo bestera... baina asmatu genuela. Berriketaldi goxo batek ematen duena ez da horrenbeste indarra, baina egunen batean berriz ere indarra izango dugunaren ustea lagatzen du gurekin. Eta bitartean, indar gabe ere aurrera egin dezakegunaren sentsazio hipokrita lagatzen digu eta... nor ez da inoiz hipokrita izan? eta nork ez du inoiz hipokrita izan nahi izan? Eta egun batez autoengainuaren besoetan erori baino... salto egin bere besoetara? eta zer, beti perfektuak behar al du gure niak? beti koherente? beti besteei begirako? beti ispilu garden? 
Ez dizut burla bat eskatzen, keinu bat baino maitia. Ez mingain guztia, nahikoa, bada.. puntatxu bakarrik. Baina atera! eta ez ezkutatu malkoa. Eta egin negar, altu, garrasika, busti kamiseta... eta inork galdetzen badizu zergatik diharduzun negarrez, erantzun: ez dakit, eta zer! Zuk beti al dakizu zergatik egiten duzun barre?

2011-03-14

Bat-batean hutsune batek
bete dit barrua.
eta betiko zuloa tapatuta, ez da ezer konpontzen.