2011-02-21

Hau zen

Zuretzat zen. Orduko ametsa bihurtu da egi, erdizka bada ere, eta egun argitan.
Jarraitu baietz ametsetan!
http://hankahutsik.blogspot.com/2011/01/merkealdirik-ez-mesedez.html

2011-02-20

Betetzetik hustutzera

Behin galdetu nizun, txiki-txikia nintzen egun haietako batean, zergatik zinen batzuetan horren handia eta beste batzuetan berriz, ez zinen ezer.
Esan nahi dut, agertzen zinela nire parera batzuetan eder-eder, potola-potola, beteta bazeunde bezala. Baina gero bapatean hustutzen hasten zinen, eta hustutzen-hustutzen, ezerezean geratu. Begira geratu nintzen, zain, erantzun bat noiz emango. Baina beti bezala, desagertu egin zinen. Oraindik ez dizut erantzunik entzun. Baina berdina egiten jarraitzen duzu eta egun hauetan ere, zuri begira pasa ditut gauak, ezer esango zenidalakoan. Eta uste dut, jaso dudala zure erantzuna. Ondo jaso ere. Beste behin, gora begira tontotuta eduki nauzun horietako batean, bapatean desagertu zara.
Zu bezala nabil ni ere. Tarteka betetzen naiz postaleko argazkietarako adina. Eta ezin izaten dut ezkutatu; lainoen artetik ere, somatzen da beteta nagoela. Baina bapatean... ez naiz ezer.
Eta ez dakit domekak eraginik duen hor, izarrak elkartzen diren nire boikotean, edo nik, eta nik bakarrik daukadan horren errua. Gehiegi betetzearen enpatxoak egiten al dizu zuri ere kalte, amandre potola-eder?
Zuk bederen, badakizu noiz tokatuko zaizun berriz ere ilgora. Niri kalendarioak, ez dit ezer txibatu oraindik.

2011-02-07

Begirada bat izan zen


Begirada bat izan zen batu gintuena.
Munduari begiratzeko modu bat.
Munduari nondik begiratzen genion.
Sua piztean, gora begiratzeko ohitura. eta gero behera.
Lotsatiaren begirada.
Kalean, atzera begiratzearena.
Hezkuntzak gure begiak merezi zituenaren ustea.
Gune bati begirada, begirada batean, leku bat gune bilakatu beharra... azpiegitura eta guzti.
Uniforme baten begiradak atera zizkigun malkoak; dei kontinuoek. (eta bost mila begirada hara gora, eta begiak itxi beharra; belarriak isildu beharra)
Trenari begira, trenetik, emandako orduak.
Autoko leihotik parajeak ikustearen plazerra.
Barra bazter batetik botatako horrek denak.
Afari batean, lagun arteko begietatik alde egindako begirada beroak, konfusoak.
Gaztelu baten handitasunetik, begirada bat hirira.
Bi oheren arteko begiradak batu gintuen, ohe bakar batean.
Ez diet begi haiei begiratzeari lagatzen. Baina trena ez da bide erdian geratu, aurrera doa helmugaraino, eta nik barruan jarraitzen dut, kanpora begira.
Begirada bat izan zen batu gintuena... mila begirada geratzen zaizkigu, begira jarraitzeko.