2010-05-25

Hasi dira!


Hasi dira, eta irudiek beraien kabuz hitz egiten dutenez ez naiz luzatuko.
Ez dakit aurten kronikak izango diren, izango diren albiste motzak edo foto-erreportajeak. Baina jasoko duzu zerbait. Momentuak merezi du eta!

2010-05-18

Eskerrik asko!

Beste urte bat. Beste urte batez, egin dut lo gaurko egunez begiak zabalik. Norbaitek noiz esnatuko, noiz etorriko inor logelara garrasika! Edo nork deituko telefonoz... ni baino goizago dabilen inor...
Askok normal, ezer egin gabe pasatzen dituzte horrelako egunak. Ulertzen dut. Baina nik, urtean zehar kanpora pasiara ateratzen dudan nire barruko umea, bereziki gaur ateratzen dut kanpora. Eta gustatu egiten zaizkit globoak, erregalo papera, jateko bereziak, muxuak, besarkadak, belarriko tirakadak eta deiak, mensajeak, email politak... Eta beti egoten da norbait esaten didana umekeria dela hori, egunero dela nire eguna eta horrelako tontokeriak... baina nik ez dut nahi egunero nire eguna izaterik. Ez dut nahi egunero norbaiten deiarekin esnatu, edo mobila aldean eramatea egun osoan, edo egunero jatea gehien gustatzen zaidan jatekoa, edo jasotzea behar ez ditudan opariak...
baina bai egun batez.
Egun batez, edozein arazo ahazten dut. Dena izaten da polita, horrela izatea nahi dudalako, eta hori ulertzen ez duenak, hobe du gaur nire ondora ez gerturatu!
Gaur, nire eguna da. Eta ospatu nahi dut, nik nahi dudan moduan!

2010-05-11

Jaiki gara, eta nola gainera!

Hernani, hiru egun, 150 neska gazte feminista.
150 arrazoi baino gehiago, 150 begirada, 150 irribarre, 150 besarkada, 150 ezpain gorri, 150 hitz baino gehiago, ahots, irudipen, bizipen... Helburu bakarra.
Hanka Hutsik joan nintzen, beteta itzuli naiz. Saltoka itzuli naiz, hankak lurrean ditudala, eta eskuak zeruan... eta hegan... Hernanin bizitakoarekin. Hitzak falta zaizkit gaur. Irudiz beteta nago. Momentu politez beteta daukat burua. Bihotza! (zergatik ez, ni ere hippy!)
Kuleroak ditut buruan... eta kuleroak hanka artean...blai. Busti egin nauzue. Zuen hitzek busti egin naute. Muxu eta besarkadek. Malkoz eta bestelakoz busti nauzue. Maitasunez gainezka esaten genuen igandean eta horrelaxe jarraitzen dut. Amorruz eta irribarrez begiratze dut ingurura. Harro gogoratzen dut Hernanin egon nintzela. Harro kontatzen diet ingurukoei mila identitate ditudala barruan, nahi dudana naizela. Feminista sentitzen naizela... feminista dela nire jarduna. Pantoja bat dudala barruan, ateratzen dudala maiz. Kontaktua gustatzen zaidala, jolasteko. Sortzaile naizela ni ere. Eta artista. Potentziala dago neskak! potentziala! ONAK GARA! esaten dut harro. Harrotasunez, harrokeriarik gabe.
Ez dut ahaztuko, sekula. Eta ez naiz aspertzen, esateaz... zorionak eta eskerrik asko!