2007-10-30

Ezkutatutakoaren bila



Horrela aurkitu dut gizona.
Arteak sentimendu bereziak sortzen dizkigula sarri entzun dugu.
Dena erakusteak emozioa, interesa apurtzen digula ere esaten da.
Eta askotan interes baten atzetik, den dena ez dakigulako
hasten garela dirudi.
Antzerako zerbait gertatuko zitzaion gure lagunari ere.
Artearen atzaparretan erorita, sentimenduz beteta, ezkutatu zaion horren atzetik hasi da.Topatuko duelakoan, norbaitek erakutsi nahi ez diona.
Interes berezi batekin.

Bagara hamaika


Bat, edo bi, hiru, lau, bost;
hogei, hamabost, berrogeita hamahiru...
Bagara hamaika zenbakiak matematikarako baino
filosofiarako erabiltzen ditugunak. Sarri gainera,
matematika aspaldi alde batera utzi genuenak izan ohi gara.
Arraroa, zorakeria iruditzen zaie askori,
norbaitek, nonbait zenbaki bat ikusi eta irribarre egiten duen une hori.
Ero bati legez begiratzen diote ostera.
Eta zer diharduen galdetu gero.
Orduan azaltzeko ordua iristen zaio, oraindik irribarrea
aurpegitik joan ez zaionean; hasten da azaldu nahian nola
duen halako fijazio berezi bat ikusi berri duen zenbaki horrekin.
Erakutsi nahian gainontzekoei, behin eta berriz azaltzen zaiola
leku batean edo bestean, kale kantoi batean, edo liburu batean,
edo ezagutu berri duen pertsona berezi baten autoko matrikulan,
edo berarentzat garrantzitsua den zerbait gertatu zaion eguneko datan...

Eta orduan are aurpegi arraroagoak jartzen dituzte ingurukoek.

Baina kontua da, nahiz beste guztiek arraro begiratu,
guk jarraitzen dugula irribarre egiten zenbaki horren agerraldi bakoitzean,
eta poliki poliki, denbora aurrera doan heinean,
joaten garela ezagutzen, antzerako zerbait gertatzen zaion jendea.

Zenbaki batek, aurpegia alaitzen dion jendea.
Eta holakoetan ere irribarre egiten dugu.

2007-10-16

Lagun artean


Lagun artean dena erraza dela esaten dute batzuk.

Ez dakit den dena erraza den esatera ausartuko nintzatekeen.

Baina ze ostia, gustua ematen du.


Polita da lagun artean sentitzea.

Parean duzunari begiratu, eta jakitzea zerbait duen esateko,

edo zerbaitek arduratzen duen,

edo ez duen nahi prestatu diozun afaria jaterik,

edo muxu eman nahi dizun.

Eta polita da era berean,

zuri lagun batek begiratu, eta beharrik ez izatea,

den dena esateko.

Gai izatea laguna, jakitzeko baduzula zerbait barruan...

jira biraka, barrua nahasten dizuna, eta askatu nahi dizuna.


Eta lagun horrek laguntzea zure barrua askatzen.

Nahasmen hori nola hala ordenatzen.

Edo soilik egotea entzuten, baina zuretzat izatea behar zenuena.

Falta zitzaizun eusteko lekua, eta

bizkarrean bultzadatxoa emango dizuna,

edo edozer kontatzen diharduzula ere, irribarre egingo dizuna.

Lasaituko zaituena,

adarra joko dizuna,

lotsatuko zaituena nahita,

baina beti umilatu gabe...

eta aterako zaituena estuasunetatik,

eta begietara begiratuko dizuna zuzen,

eta lagako dizuna berari begietara begiratzen,

eta eskua emango dizuna,

zurea espero gabe,

eta zuk berari emango diozuna.


Eta badut horietako bat (edo beste)

esaten duena, horrelakoak,

ez direla asko izaten,

baina badirenak,

ez direla nolanahikoak izaten.


Eta egunetik egunera ohartzen naiz,

ez zaiola arrazoirik falta.

Berari erreparatu besterik ez dago...

2007-10-15

Udazkeneko berbak


Begiratzen dut Bilbon
dauden zuhaitz gutxi horien ingurura.
Baina ez didate ezer esaten,
ez dute berba egin nahi.
edo nik ez diet entzuten bestela.
Kotxe zarata gehiegi akaso...
Baina entzun dut badela
Euskal Herrian nonbait,
zuhaitzei berba egiten uzten dien leku bat.
Eta niri,
niri zuhaitzek diotena entzuten
ere lagako didan ingurua omen.
Poliki poliki hasten ei dira berbetan.
Uda osoan jakituria handitu ostean,
jaso ostean nahi izan duten dena,
orduan hasten dira zuhaitzak berbetan.
Eta orduan izaten da polita.
Bertara joan, eta esan nahi duten denari, belarriak zabalduta, lurrean etzanda
geratu nahi dut.
Banan bana, berba bat, eta beste bat botatzen didaten bitartean,
denak jasotzera joango naiz.
Basoko lagun hauen berba bereziek, oso-osorik jazten nauten artean,
goitik behera tapatu arte.
Eta gero, etxera itzuliko naiz, berba horiek guztiak, liburu artean sartuta.
Orain ulertzen dut aitak txikia nintzela,
zergatik sartzen zituen udazkenean jauzitako hostoak liburu artean.
Basoko hitzek ere, liburuak behar baitituzte
mantenduko badira.
Beraz, egon hor Iratiko lagunak,
aurten ez bada ere, joango naiz eta hurrengo urtean,
zuen esanak entzutera.

hondarra ere zuria den honetatik...



Ze polita den sentitzea,

hemen,

penintsularen beste puntan,

hankak zeruan ditudala,

txoriak buruan, eta

eskuekin heltzen diodala

estu, fuerte...

esanez harro eta irribarrez baietz

joaterik nahi ez dudan guztiari.

zapaldu nahi dudan horri.

Bakoitzak bere baldosak ditu


Uste dut Bilbon jendeak
norbait duela atzetik.
Norbait, zerbait
euren bila dabilela uste dute.
Gainera beldur direla dirudi.

Ze doaz korrika alde batetik bestera,
eta ez dira inon lasai geratzen.
Erlojuari begiratzeko hartzen duten tarte
horretan ere, hankek aurrera jarraitzen dute.
Gainera arraroa da.
Hauek guztiek gaitasun bat daukate.
Egin ahal dute hori, ingurukoak ohartu gabe.
Esan nahi dut, ez dutela elkar jotzen.

Eske ni hasten naiz pentsatzen,
eta orain ni horrela hasiko banintz,
eurek bezala, azkar, batera eta bestera
,traba egingo nieke.
Esan nahi dut, ez nuela jakingo
nahasmen horretan nire bidea topatzen.

Eurek badakite. Badirudi baldosa bakoitzak
daukala izen bat; ze
badakite non zapaldu,
nondik jo.

Eta horregatik, trabarik ez egitearren,
erabaki dut hemen esertzea.
Egongo naiz eserita hemen
hauetako bakoitza lasaitu artean.
Esan nahi dut euren etxera joan artean.
Ze, etxean ere ez dira horrela ibiliko ezta?
ze pena bestela.
Eta hori orduan.
Ni lasai geratuko naiz, kaleak ere lasaitu artean.

Eta gainera pentsatu dut,
hemendik jaikitzen naizenean,
eta ibiltzen hasi,
nahita, zapalduko ditudala
nire izena ez duten baldosak.

Baina horrela, lasai.
Inori trabarik egin gabe.

gaueko argi ilunetan


Lotsatia zara askotan.
Misterioz beteta begiratzen duzu,
ingurura.
Isilik egotea gustatzen zaizu.
Begiratzea.

Niri zu begiratzea gustatzen zait.
Nola heltzen duzun tragoa.
Nola goxoki laztandu peta.
Nola geratzen zaren pentsatzen.
Nola berba bat, beste bat,
botatzen duzun xuabe.


Niri zu sentitzea gustatzen zait.
Ohera sartzean.
Nola elkartzen garen gau erdian.
Nola heltzen nauzun eskutik.
Nola goxoki laztandu gorputza.
Nola geratzen zaren pentsatzen.


Nola nire ametsetan ez
zaren lotsatia.

Esaidazu ez duzula berriz
Pailazo hitza erabiliko norbait iraintzeko.
eta gero nahi baduzu

esan ez duzula
inor berriz irainduko.

baina ez behintzat

pailazorik mindu nire aurrean.

Atera mingaina!

Ze ondo, esaten diot nire buruari. Ze polita.
Jolasean aritzea.
Pertsonak estimatzen nituela jakinekoa nuen nik lehen ere.

Ezagutzea bat, eta bestea.Hartzea, jasotzea onena.
Gehien gustatzen zaidana bakoitzetik.

Eta horretan nabil. Ahal dudanean,nahi dudan denean, gozatzen.
Sorpresak hartzen, disfrutatzen,irribarre egiten.

Gaur ere mingaina atera nahi diot bizitzari.

Umeen antzera,
berarekin jolastu nahi dudala
ulertu dezan.