2009-09-24

Horren ohiko zaigun HERIOTZAri

Behin, batek, jolas bat egin zuen berak galderak egin, eta nik emandako erantzunekin. Psikologoa izatera jolastu zuen berak, eta nik egin nituen azkenean, psikologo lanak, neure buruarekin.
Ipuin moduko bat kontatu zidan. Txikitan liburutegietan hartzen nituen moduko ipuin horietako bat. Oroitzen al dituzue? Motz-motzak izan ohi ziren. Gainontzeko ipuinak bezala, "Bazen behin" batekin hasi ohi ziren. Baina zerbait gertatu orduko, aukeratzeko egoera desberdinak agertu ohi ziren. Ipuinak, neuk nahi duen moduan jarraitzeko aukera ematen zidan. -Horixe zen niri gustatzen zitzaidana-

Bada, horrelako zerbait egin zidan hark. Eta nik emandako erantzunen arabera, esan zidan nolakoa nintzen, nolako izan nintekeen, edo eman zizkidan berak zenbait arrazoi, pentsatzeko gero nik, nolakoa naizen. Nola ikusten ditudan gauzak. Nola eragiten didaten.

Ipuinaren bukaeran, irla batean nengoela, harresi handi bat aurkitu nuela kontatu zidan lagunak. Eta galdetu zidan, nolakoa uste nuen izango zelan harresiaren beste aldean zegoena. Nik segituan erantzun nion galderari.
"Beltza. Iluna da beste aldean dagoena. Aspaldiko herri bat bezalakoa, lagatakoa, utzikeriaren utzikeriaz usteltzen bukatu duen herritxo bat dago harresiaren beste aldean. Eta ez dut nahi pasatzea. Ez zait gustatuko. Badakit"
"Harresiaren beste alde" horrek, HERIOTZA esan nahi duela azaldu zidan. Eta orduan ulertu nuen dena. Orduan esan nion baietz, asmatu zuela ipuinarekin.

HERIOTZA lagun. Horren gertuko beharko lukeen hori dago harresiaren beste aldean, eta niri iluna iruditzen zait. Ohituta behar genuke, ingurukoak nola "doazen" ikustera. Eta batzuk badaude (zaudete) eta inbidia apur bat ere ematen didazue. Teoria primeran ulertzen dut nik. Badakit dena. Esan behar dena, esaten dena. Entzun behar dudana. Entzuna dut behin baino gehiagotan. Nik neuk ere esan izan diot nire buruari. Gertatu egin behar zela. Onena zela. Edo bizitzaren legea dela eta horrelakoak. Baina alperrikakoak dirudite hitzok.

Ez zait erraza egiten. Zaila egiten zait harresiaren beste aldean dagoena argitasunez ikustea.
Eta horrelako egunetan, askozaz gehiago. "Bizitzaren legeak", juiziorik gabeko epaiketetarako balio duenean. Orduan, harresia ostikadaka apurtzeko gogoa ematen dit. Baina orduan, indarrak falta zaizkit horretarako.

2009-09-12

Ohartu naiz, loak hartu baino lehen

Hau idatzi nuen, orain hilabete batzuk.


Itxi begiak, zabaldu, eta beste egun bat da
Gabaz esan dit lagunak... "nola pasatzen den denbora" ez zaio arrazoirik falta. Oraindik uste dut, atzo joan zinetela zuek Mexikora. Oraindik uste dut, gaur eguerdian utzi nauzula zuk. Iruditzen zait, erenegun bukatu zela gure artekoa. Sentitzen dut, gaur, orain, egongo bazina bezala zu, niri begira, beste ohe hartatik, denbora luzez. Badirudi, orain aste bete etorri ginela Bilbora bizitzera, zu, beste zu, eta zu... zu beranduago iritsi zinen... eta laster bazoaz, eta orain ohartu naiz, noiz etorri zinen... Ematen du minutu eskas batzuk pasa direla zuek ezkondu zinetenetik, eta jada zu jaiota zaude, hazi zara. Eta uste nuen, orain gutxi, idatzi nituela, azken hitzak, hemen, zuri, zuretzat... Baina ez. Ohartu naiz, denbora pasa dela. Eta hemengo falta izan diren hitzek esaten ez badute ere, aldatu direla gauzak. Alde batera... eta bestera. Ea hurrengo egunetan, oharkabean baino, ondo esna arrapatzen nauten hauek denek, eta geratzen diren hemen, hitz batzuk, zuretzat, eta zuretzat, eta beste zuretzat ere. Eta zuri... zurekin...
Eta hitz honek gehituko dizkiot orain, lehenago esandakoari.
Batzuetan azkar pasatzen zaigu denbora. Eta esaten da, eta hala izango da, hori ez dela txarra. Ona dela, denbora azkar pasatzea. Baina pentsatzen dut nik, azkar pasatuta ere, ez dela horren ona, denbora horretan pasatu zaiguna, gerora baloratzea.

Atzera begira biziko ginateke bestelabeti.
Baina era berean, ona da batzuetan, atzera begiratzea. Momentuan ikusi ez genituen gauzak ikustea gero. Balio izaten du, aurrerantzean, unean unekoa bizitzen laguntzeko.

Orain badakit eta, zuek, itzuli zaretela jada Mexikotik. Eta gustatzen zait, zuek hemen ikustea.
Badakit ondo, ez dela gaur eguerdia izan, zuk utzi ninduzuna. Gaur eguerdian ere jada, faltan botatzen zintudan eta.
Ohartu nintzen, amaitu zela gure artekoa. Ez dagoela zertan, ezer izan betiko.
Gogoratzen dut Bilbora etorri ginen eguna, eta pasa da denbora bai. Asko. Bakoitzak hartu du bere bidea, eta gozatuko dugu horrekin.
Eta zuek ezkondu zinetenik, eta zu jaio zinenetik, beste zu zaude, horren tripan, dena entzuten, eta ohartzen naiz, hitz egiten dizut, badakit hor zaudela.
Ohartu naiz, ohartzen naiz horrenbeste gauzataz... orain.Eta zuri... ohe hartatik orain begira zaitudan horri... bazaude oraindik ere, ohe hartatik begira. Ez dudalako begirada hura, berehalakoan ahaztuko, eta oraindik, begiratzen didazulako, zure begi okre horiekin. Gertuago dago orain ohea. Gertuago daude begiradak. Begiak. Eta gertuago dago, biok ikusten duguna. Baina ez dut nahi, horretaz, bihar, etzi ohartu.
Ohartu naiz, orain, eta orain nahi dut bizi.

Ohartzearen ohartu beharraz... loak hartu baino lehen.

2009-09-01

Gazteluak


Gazteluak ez dira txikitan esan ziguten bezalakoak.
Ez daukate barruan, printzesa tristea azal urdina duen printzearen zain,
gorengo dorretik begira, ile-horia lurreraino botata, negar malkotan.
Zinez diotsuet, ez dago halakorik. Eta badakit, biziki jakin,
egon naizelako
gaztelu batean.
Ez dut ikusi azal urdindun inor. Ez eta ile-hori luzea arrastaka zeramanik ere.
Eta bai, begiratu nuen gazteluko zirrikitu guztietan. Ezkutaketan bagenbiltza bezala ahalegindu nintzen. Mihatu (ge)nuen gaztelua.
Ez zegoen printzesa eta printzerik. Baina gazteluak, gaztelu izaten jarraitzen zuen.
Bazeuden dorreak, eskailera luzeak gora eta behera, banderak, banderak astintzeko haizea, arbola zaharrak, harri zaharrak, zirrikituak, leku ezkutuak, eta ez horren ezkutuak.
Eta ni, ipuinetako istorioen faltan, sentitu nintzen ipuin batean.
Norbaitek, azal urdinik gabe, erakutsi zidalako gaztelua. Eta nik berari.
Gazteluetako ipuin ugari moduan, sortu genuelako geuk ere, geurea.
Baina hori bai, ez da hemen kontatzeko ipuina. Begiratu bestela, zer gertatu zitzaien, kontatzen hasi ziren guztiei. Printzesa bihurtu!