2011-01-23

Farolak pizten ez ziren kaleko sotoko kontuak

Ez nuen sinestu nahi. Ondo zihoan dena. Lasai, bere martxan. Baina bapatean, non geunden gogorarazi zigun. Argia joan zen. Musika beltzaren erritmoaren faltan utzi zizkigun belarriak, begiak beltz. Begirada gaiztoek espaloiak zeharkatzen dituzten bazterreko eskailerapean geunden.
Komunera abiatu nintzen, momentuko erokerian, inork berdina egingo ez zuela uste izanda. Konbateak lehen asaltoan salto, ez zen giro; Bronx auzo malapartatuan erreko ziren lehen fusibleak baino ez ziren haiek. Gau osoa genuen aurretik.
Baina komunak bustita eman zidan ongi etorria. Salida de Emergencia, argi berde batek erakutsi zidan non itxi behar nuen atea. Han ez zegoen baina irteerarik. Berandu ibili nintzen. Atzetik atzeman ninduen. Bustita bera ere, fusibleak berorrek erre izan balitu moduan, kalanbre luze baten ostean agertu zitzaidan, energia gaindosiak jota-edo. Orduan bai, orduan ez nuen ezer ulertzen, begiak gor, belarriak mutu... ahorik ezin nuen zabaldu, ondo entzuteko. Ez dakit apenas esan zidan ezer. Badakit egin zidala tira berarengana, gogor... eta nik utzi egin niola egiten nirekin, nahi zuen dena. Esan nion, hartu nazazu, eraman zurekin, atera niregandik, nahi duzun guztia. Horren ordez, bertan geratu ginen, energia-lapurra, eta ni. Eta beste guztiak, argia noiz itzuliko zain, komunetik kanpo. Hurrengo minutuak azkar igaro ziren. Merezi izan zuten. Ez da alperrik joaten argia, denok farolari begira gaudenean. Berdina atzo ere. Bazekien zer egiten zuen. Gero lagunaren albora itzuli nintzen. Ezer pasatu izan ez balitz moduan. Argia itzuli zen, orduan bai... energia gaindosia! Eta begiak itsu berriro.
Baina nik banekien nondik ikusi, begiek ez bazuten itzuli nahi.
Gerora galdetu zidan lagunak:
-Zergatik etorri zara bustita komunetik?
-Norbait ezagutu dut.
-Nor?
-Ezin dizut esan.
-Ez esan. Bera zen. Benetan? Bera zen?
-Bai, bale, bai; Kelly zen. Ez esan inori.
-Eta, zer esan dizu?
-Ezer ere ez.
-Eta zuk, zuk zer esan diozu?
-Nik? gauza asko.

bart gauetik, begiak zabaldu gabe nago oraindik.
Eskerrik asko Kelly, energia gaindosiarengatik!

2011-01-18

Merkealdirik ez, mesedez

Lagun batek idatzi du zuetaz guztietaz, zuei idatzi dizue. Nik ezin izan ditut erantzun gabe laga, hitz haiek.

Ez daukat zugan pentsatzen jarri beharrik, zurekin oroitzeko.
Baina begiak itxita egitea gustatzen zait. Horrela, ohean sartuta, egunaren azken ordu horietan... bakarrik gaudela sentitzeko. Ni, eta zu, eta beste zu, eta beste zu ere.
Oroitzen dut goizaldean esnatuta burura etorri zitzaidan ametsa. Zurekin egon nintzen berbetan. Kalean topatu ginen. Harrituta galdetu nizun nolatan zinen hor, kale bazterrean eserita. Erantzun zenidan aspertu egin zinela itzalpean, lagunekin egoteko gogoa zenuela eta paseotxo bat ematera irten zinela. Gaua pasatu genuen elkarrekin, berriketan. Esateko nituen hitz denak esan nizkizun. Kontatu nizun nola nengoen, zenbat botatzen zintudan faltan, eta entzun nizun gustura nola sentitzen zinen zu.
Gero itzultzeko ordua iritsi zitzaizun eta besarkada goxo bat emanda alde egin zenuen berriro. Oraingoan agurtu egin zintudan. Gero arte!
Ez zara lehena izan. Esaten digute ez zarela azkena izango (erakutsi nahi digute astearte goizero). Merkealdirik ez oraingoan zuretzat. Lehen ere ez zinen dendetara asko joatekoa.

Ez dugu hankarik altxatuko lurretik dantza egiteko ez bada, baina ez dugu ahaztuko, zebra biderik ez badago, kotxez betetako karreterara ere irribarrez salto eginez gero, kotxeak geratu egingo direla gu pasatzeko!

merkealdietako txolloak gezurra dira.
garesti ordaindutakoa merke irtetzen da azkenean
erosketa ona egin dugula sinestu, besterik ez dugu.

Ez zaigu loteria tokatuko, baina irabaziko dugu.

2011-01-09

Preparatzen ari zela esan zidan... nik sinetsi egin nion... ordutik ez dut bere berri izan. Antza Euskal Herria ez da horren txikia; antza, ez dugu beti izango, Bilbaoooo. Polita izango litzateke, baina hori ez da kontua. Ez da gaurkoa. Ez da bera desagertu (ez dut espero), ez da Bilbao desegin (ez dut bederen igarri), baina zuk alde egin duzu, ihes egin gabe... urrutira.
Eta ez da horrenbeste begietara begiratzen nauzulako beste askok ez bezala, ez da ezagutu nauzulako azken bi-hiru urteotan inork ez bezala, pasa dugulako denbora asko (gehiegi) elkarrekin, ematen dizkidazulako espero gabe, tokatu gabe, bustitzen nauten musuak...
Ez da eskatu didazulako hau idaztea, ez bada idatzi nahi nizulako eskatu gabe. Ez da joan zarelako, ez bada itzuliko zarelako (beste denak bezala).
Tori egin nahi dizudan, egin nahi nizun, egin diezazukedan (tori hori, euskaltzaindia!) omenaldirik osoena. Oso-osorik, hau zuretzat. Ni, nigandik geratzen den dena, eta nire hitzok.
Ezin dizut eskatu ez joateko; itzuliko zarenaren esperoan geratu naiz. (Elkarrekin itxarongo diegu, geratzen diren besteei) Izotzaren jolasean, berriz ronda hasi artean.
Bitartean, musu bakar bat!

tx-tx

2010-12-30

eta ez naiz ni izan

Inoiz begiratuko ez nionari begira nengoen. 20, 21, ez dakit, 22... mutil baloiaren atzetik; eta neu begira. Inork ez zidan esan... euskaldun izatia zein nekeza dan... ezin esan baina gaizki pasatu dudanik. Ez galdetu nori egin dioten txalo, nor agertuko den lehen planoan, nork eman dituen hiru ostikadak. Ez nituen ezagutzen. Zu ere ez asko. Zuk ere ez ni asko. Baina bazirudien baietz. Inori lapurtutako hitzak bota dizkidazu, inoiz norbaiti entzundako hitz solteak... denak, entzundakoaren kontrara, alderantziz. Esku artean zenuena izango zen. Horrek nahastuko zintuen, akaso.
Ostikada nork jo duen ere aipatu duzu behin edo behin. Txalo egin diozu, aupadaka. Gero, ez da asko gehiago behar izan. Gauak egiten du berea. Gertuegi ginen.
Laster altxatu duzu. Azkar busti zara-naiz-nauzu. Ez nuen halakorik espero. Likatsu laga dizkidazu izter aldea, sabelaren bazterra eta atzamar bat baino gehiago. (Busti egin gara, eta ez naiz ni izan)
Pena, gainera bota didazun tragoak baino ez gaituela busti gaurkoan.
Inork ez zidan esan... euskaldun izatia zein nekeza dan...

2010-12-20

Norbaiti bihotza oparitu zion horri...

Bai, zuri idazteko gogoz nago.
Ez dut gehiegi pentsatu idatzi behar dudan honetan. Egia esan, hitzak bakarrik ateratzen dira, eta presaka nabil gainera, beraz, hemen doa. Laneko mezu baten zain edo hartu dut ordenagailua eta sartu naiz nire email pertsonalean; nire harridura ez gustukorako zure mezu bat aurkitu dut sarrera ontzian.
Ezer baino lehen, eta datozen hitzak horrelakorik adieraziko ez dutenez, eskerrak eman behar dizkizut beste ezertan hasi aurretik. Nire helbidera idatzi didazun mezu horretan azaltzen duzun moduan, bai, abenduaren 22a asteazkena da, eta nik gaizki jarri nuen blogean. Eskerrik asko beraz.
Baina hemendik aurrera, zure bihotz galdu plantan jarraitu nahi baduzu, anonimotasunetik idazten, geratu zaitez blog ireki honek ematen dizkizun pribilegioen barruan.
Pasa den astean, lagun batek baino gehiagok gomendatu zidan zure iruzkinak borratzeko, blogeko iruzkinak egiteko aukera ixteko... posible delako zure intentzio onenarekin idatzi izana iruzkinak, baina ezin duzulako zeuk ere ukatu, erdiak ez direla ulertzen, eta beste erdietan halako misterio ez erakargarri bat azaltzen duzula. Nik ezetz erantzun nien. Blogak bere horretan jarraituko zuela. Baina neuk ere ez dut ukatuko; misterio horrek aspertu egin ninduen azkenerako.
Ohartuko zinen, blogak bere horretan jarraitzen duela. Iruzkinak egiten jarraitu dezakezu, planteatu nahi izanez gero nik neuk bederen ulertuko ez ditudan ekuazio matematiko arraroak, idatzi poesiak zenbakien birtuteen inguruan, baina gauza bat utzi nahi dizut argi, eta hemendik, publikoki: nor zaren ez dakidan bitartean, ez berriz niri mezurik idatzi nire email helbidera. Hori lagun, ezagun, eta konfiantzazko jendearentzako helbide bat da; besteontzat, hemen egonda nahikoa.
Barregarria iruditzen zait egoera hau. Ia-ia lepoa jokatuko nuke ezaguna zarela, zerbait gehiago ere jokatuko nuke, akaso laguna ere bazaitudala... adarra jotzeko modu xelebrea zurea. Deituidazu bordea nahi izanez gero, arraroa irudituko zaizu akaso, baina ez zait zure mezua gustatu.
Eta beste gauzatxo bat esango dizut. Horrela, pikatuta harrapatu nauzulako: zure bihotz lapurretaren perfil zibernetiko horretan, kontuz ibili; ez duzu eta beti mrbastelcorazon delakoa berdin idazten! eta azken aldian denbora asko daukat libre, internetean ikerketak abiatzeko. Ez zara uste duzun bezain anonimoa.
Hurrengo ikusten zaitudanean, keinu egingo dizut begiaz. Honez gero bihotza berreskuratu baduzu, hitz egin dezakegu aurrez aurre matematikaz, edo literaturaz. Bestela, topatuko gara berriz ere hemen.

Zeuk bidalitako mezuan esan didazun moduan... Ondo izan!

2010-12-09

Neguak, hori da duena

Ze hotz.
Esaten dit txamarra handidun lagunak.
Belarriak ere estali dizkio artile beltzak.
Malko batek busti dio ezkerreko begia.

Euskal Herri tropikala.
Erantzun diot nik, barrezka
eta gerritik heldu diot, ez dezan berriro errepikatu... ze hotz.

Baina batek badaki, hemen bizi bada, horrela behar duela neguak. Eskularruak, txamarra handia eta artilea, denaren gainetik artilea (nahiz modan jarri duen Durangesadoak bestelako Himalaya-moda bat) behar dituela neguak kalean ibiliko bada. Eta bada beste gauza bat. Baselina. Ezpainei ez dielako ezer zor neguak Euskal Herrian, ez dielako barkamenik zor. Treguarik ere ez. Eta bere horretan, ezpainak zartatu egiten dituelako neguak, edo bere hotzak.
Eta hotz horretatik atera nahian dabilenak, bero bila gerritik helduta, ikusiko du... hotzak ez ezik, beroak ere zartatzen dituela ezpain batzuk Euskal Herrian.
Beraz, orain gutxi, ezpainez betetako lagun arte bero hartan esaten genuen moduan... ante todo, baselina al cuerpo! Ez dadila izan hotza, gorputza dar-daraka jarriko diguna!

2010-12-03

Ostiral goizeko galderak

Zer da erromantikoagoa, euria ala elurra? Zer da politagoa, kaio 1 erreka (itsas adar) gainean hegan, ala 11 kaio Bilboko Erriberako barandila zurian kieto-kieto?
Zerk bustitzen gaitu gehiago, euriak ala txingorrak? Zerk ematen digu min?
Zergatik diogu beldurra etxera bakarrik joateari? Atzetik segika daukagun horregatik ala ez delako hori atzetik etorri?
Nork esan zigun 1 + 1, 2 zirela? Noiz sinestu genuen hori?

Zergatik uste dugu galdera guztiek behar dutela erantzun bat, eta bakarra?
matematika ordu gehiegi dago eskoletan, edo matematika gehiegi erabili da literaturan. 2etako1.