2009-06-14

Gaupasa baten kronika.2

Literatura ikasten, literatura egiten hasten garenean, uzten diogu ikasteari.

00:13
Kronika bat.

badakit, bai, ziur naiz, jada...

hau kronika bat izango dena, badakit.

Orduak aurrera joan, eta apunte-orriak aurreratzen ez diren bitartean...

kronika luze bat jasotzear zaude.

gaupasa baten kronika. 2.



01:19
Duintasunaz

Joxe Anton Artzeren oinarrizko kezka, gizakiaren duintasuna omen zen.
Ez ote da, duintasuna bera ere galtzea izango,
ordu hauetan ikasten aritzea?

Pena, nire oinarrizko kezka ez dela, neronen duintasuna.
Bestela, aspaldi nengoke ametsetan.



02:15
Kafearen boikota

Coca-colari egin diot orain artean,
boikota.

Baina bukatu da.
Gaurtik aurrera, ene kafeina maitea, nazkaz begiratuko dizut zure
begi marroietara.

Ez uste engainatuko nauzunik. Eroriko naizenik zure tranpan.

Azken urtean Pepsi-a maite dudan adina,
gozatuko dut tea, hemendik aurrera. Zigarroak, berarekin konpartituko ditut,
zu, inbidiaz barraren beste aldetik begira zauden bitartean.

Ala uste al duzu, debalde irtengo zaizula, gaur gauekoa?
Fideltasunaren eredu izan nauzunean,
zure tazako arrastora makurtua, zure usainera kateatua, zure zaporera engantxatua.
Uste al duzu, barkatuko dizudala, gaur egindakoa?

Yonkiari, txuteak bata bestearen atzetik datorren txuteak, nahiz izan enegarren txutea, beti egingo dio, on (edo kalte), baina sekula ez kale.

Nola atrebitu zara, zu, orduan, eh kafe? Nola?
Lotsarik ez al dizu ematen?

Jakin bukatu dela gure artekoa.
Ez dizut ukatuko. Polita izan da. Liluratu egin nauzu.

Tontotuta eduki nauzu, goiz, eguerdi, gauetan.

Gaur arte.

Behar izan zaitudanean, lo hartzen, laga didazun arte.

Maitasunez, amorruz, eta logurez,

betiko, agur. (eta ohore)


Jean Paul, nahiago nuen zurekin

Kaixo maitea,
Orain lau hilabete izango dira. Halakoak izaten dira gure tarteak. Liburu-buru-aburuen artekoak. Luzeak diruditen tarte motzak, edo motz geratzen diren, tarte luzeak...

Baina esaten dizut Jean Paul, zinez,
nahiago nuela zurekin pasa gaurkoan ere gau(pasa). Eta Simonekin, nola ez, azken hartan bezala. Saizarbitoriaren bisita ere gustura hartuko nuke.
Ez zait ondo jausten Bilintx. Bere tristezia horrekin... tristetu baino ez nau egiten. Melankoliko santua. Iparragirre ezagutuko nukeela ez dizut ukatuko. Baina zer esatea nahi duzu ba, ezagutzen ditut lehenago ere horrelakoak. Herriari kantatzen diotenak.
Mirande ere, ez dakit, ez zait gustatzen. Ez behintzat zuek beste.
Eta ados, bai, Nietzcherekin hartuko nuke trago bat. Baina jakitzearren soilik, ea benetan halakoa zen.

Gainontzean matte, zuek nahi zaituztet, nire paperetan, orain lau hilabeteko gaur hartan bezala. Nire belarrietan. Begietan.
Orduan bai, orduan te gorririk ere ez nuen beharko, esna mantentzeko.
Baina laga egingo zaitut, prestatu berri dudan tea hoztuko zait bestela.

2009-06-02

Gora Azkuna!

Denek ere, den dena ez dutelako gaizki egiten, Gora azkuna!!

gogoratzen al duzu, bai, bai, zuk, nola eman genituen azkenengo azterketen egun lu-ze haiek? Non, eta nola? Zoratu ginela uste zuenik ere izan zen (eta ordutik onera egin dugula dudan jartzen duenik ere bada oraindik)

Beno, ba ba gauza batzuk aldatu zirela esan nizuen lehengoan, eta hala da.

Gure hiriburu kosmopolita(eta polit) honetan, Azkunak fabore handi bat egin digu guri. Internet gero eta gehiago maite dugunoi.
Wifia dago plazetan! Wifia dago nire etxe ondoko plazan! Eta urdin-urdina dago zerua! Eta ni... ni jada imajinatu duzun lekuan nago bai.
Plazara jeitsi naiz. Nire pisukideak erosi berri duen kilo erdiko portatiltxoa eskuan hartuta. Eta hemen nago, egin beharrekoak egiten ditudan bitartean, eguzkia hartzen.

Zerbaitek esaten dit barruan, oraingo azterketen kronikak, zertxobait beroagoak izan behar dutela.
Eta ez horrenbeste idatziko ditudan hitzengatik!

Baina bai maitte, nik ere botatzen ditut, hala ere, sukalde hotzeko zigarro beroak, berba epelak, eta ordu luzeak.

2009-05-28

Ez al daukagu denok barruan... una bicha?



Eskerrik asko a la Bebe kantu hau egitearren.
Eskerrik asko Katt, kantu hau denori oparitzearren.
lenguaje el que tu y yo vamos a inventar...
que es un lenguaje físico, carnal y brutal...

Nola esaten genuen guk, neskak?
Brutal, fatal, mortal... TOTAL!

Atera barruan daukazun bicha, pisha!

Itxi begiak, zabaldu, eta beste egun bat da

Gabaz esan dit lagunak... "nola pasatzen den denbora"
ez zaio arrazoirik falta.

Oraindik uste dut, atzo joan zinetela zuek Mexikora.
Oraindik uste dut, gaur eguerdian utzi nauzula zuk.
Iruditzen zait, erenegun bukatu zela gure artekoa.
Sentitzen dut, gaur, orain, egongo bazina bezala zu, niri begira, beste ohe hartatik, denbora luzez.
Badirudi, orain aste bete etorri ginela Bilbora bizitzera, zu, beste zu, eta zu... zu beranduago iritsi zinen... eta laster bazoaz, eta orain ohartu naiz, noiz etorri zinen...
Ematen du minutu eskas batzuk pasa direla zuek ezkondu zinetenetik, eta jada zu jaiota zaude, hazi zara.
Eta uste nuen, orain gutxi, idatzi nituela, azken hitzak, hemen, zuri, zuretzat...
Baina ez. Ohartu naiz, denbora pasa dela.
Eta hemengo falta izan diren hitzek esaten ez badute ere, aldatu direla gauzak.
Alde batera... eta bestera.

Ea hurrengo egunetan, oharkabean baino, ondo esna arrapatzen nauten hauek denek, eta geratzen diren hemen, hitz batzuk, zuretzat, eta zuretzat, eta beste zuretzat ere. Eta zuri... zurekin...

2009-04-01

Ocaren jolasa baino ez?


Bizitza, zentzuz betetako zentzugabeko bidea da batzuetan. Zentzugabeko zentzu-bilaren jolasa beste batzuetan. Jolasa baita, azken finean. Eta bizitzarekin jolasten dugu. Edo bizitza dugu jolas. Edo jolasean galtzen gara.
Batzuetan, ahaztu egiten ditugu, jolas-arauak. Eta orduan, beste guztia ahazten dugu. (edo ez)
Ez baita erraza, nahi ez dena ahaztea.
El juego de la oca-ren tablan, saltoka jarduten dugu batzuetan. Hutsune batetik, bestera...saltoka. Badirudi, horretan dihardugula. Oca handiarengana, lehenago nor iritsiko. Edo badirudi, uste dugula, hori dela egin behar duguna. Eta bai, egia da; guk hautatu genuen hori.
Orain, Oca handia esku artean, laztanduz dudala, saltoka pasa ditudan (pasatzen utzi ditudan) hutsuneekin zer egin ez dakidala nabil... tablaren gainean, saltoka-edo.
Zer da, fitxak nahastu ditut? Jolas-arauak ahaztu? Dadoko zenbakien zoriaren esku utzi al dut dena? Ala, nik hautatu nuen, eta kitto?

2009-03-12

Nor ari da hiltzen?

Biluzik ispiluari begira jarri nintzela esaten hasi,
eta nor izan den ez dakit zehazki, baina garbi dago, zuetako norbaitek hilik nahi nauela...
Ez dezagun eztabaida gehiago luzatu. Ados gaude guztiok.
Bakoitzak bere modua izango du, ez hiltzeko, bizirik irauteko, bizitzen jarraitzeko,
bizirik bizitzeko...
Bakoitzak bere zentzua emango dio, "bizitza" deritzogun, hiltzearen bide honi.
Eta zentzua da zehazki, azken aldian, lagun batekin hizketa-gai izan dudana.
Zentzua.
Zenbat aldiz entzun ote dugu, "zentzugabeko" edo "zentzua galdu du" edo "ez du zentzurik"...
Badirudi, ente arraro eta arrotz batek eman (edo kendu) behar diola,
gure "bizitzari" zentzua.
Eta horrelaxe, iristen gara, orain hilabete pare bat aipatzen nizuen auto-engañuaren bidea hartzera.
Ez dadila horrela izan mesedez!
Ez dezagula bide hori hartu!
Hiltzea, hiltzen hastea, bizitzen jarraitzea, bizi-irautea, bizirik bizitzea, gure hautua izan ohi den moduan, izan dadila gure hautua, egon dadila gure esku, gure "bizitzaren" ZENTZUA.
Arren eta otoi dagizuet.

PD. Argi geratu ez bazaizue... Sabinak ondo esan zuen moduan... aguntatu beharko nauzue...
"Que el traje de madera que estrenaré no está siquiera plantado...
Que el cura que ha de darme la extremaunción no es todavía monaguillo..."