
Azken aldian, betaurrekoak jantzi dituzte nire begiek bizitzari begiratzeko.
Betaurrekoekin, uste ala ez, (eta egunero goizean-goiz etxeko zapatilak jantzi aurretik betaurrekoak jazten dituztenei horrela gertatuko ez bazaie ere) nik neuk geldoago ikusten, begiratzen dut guztia.
Noizean behin, betaurrekoak erori ere egiten zaizkit, sudurretik behera doan txirristada horretan, labainduaz. Eta horrelakoetan, astia hartzen dut, poliki-poliki betaurrekoak beren lekura itzultzeko.
Beste batzuetan, zikindu egiten zaizkit; atzamar lodiegiek, ("baldarregiek" esan beharko nuke akaso) euren markak uzten dituztelako.
Edo irakurtzen eta bazkaria egiten baldin banago, makarroien lapikoari tapa kentzen diodanean, lurrundu egiten zaizkit betaurrekoak, eta begiak. Eta ez ditut garbitzen. Berriz ere, lurruna kendu arte itxaroten dut. Lasai, begiek ikusten jarraitu nahi duten arte.
Horrelaxe egin dut bizitzarekin ere. Poliki begiratzen diot, azkar batean begien (betaurrekoen) aurretik pasatzen den guztiari. Eta horretaz ohartu naiz. Azkarregi igarotzen dela bizitza nire betaurrekoen paretik.
Baina ez dut horregatik betaurrekorik kenduko. Alderantziz, betaurrekoak jantzita jarraituko dut. Poliki begiratzen, azkar igarotzen den orori.
Aspertu naiz eta, presaka, dena ikusi, onartu, asimilatu, eta ulertzeaz.
Oraingoan hortaz, betaurrekoekin, eta hankahutsik... begiak hutsik geratu ez daitezen.