2009-01-21

Biaramun baten kronika

Atzo, edo gaur, edo... ondo ze egun den, atzo ze egun zen ere ez dakit dakidan...
Kontua da, azken aldiz hemen idatzi nuenetik, ohera joan eta kostatu zitzaidala lo hartzen.
Lehenago bezala, ohean bertan ere kafeak, teak, zigarroek, urduritasunak... denak izan zuen bere txokoa. Baina kostata, baina hartu (ge)nuen lo. Gaur goizean, pentsatu baino beranduago, nahi baino lehenago, eta batez ere, batez ere, behar baino lehenago esnatu gara.

Gaupasa baten osteko, biaramundun egunik gogorrena aurretik genuen. Hasi da.

(ni) Dutxatu, eta zela edo hala, jantzi ditugu arropak Ainara eta biok. Kotxean igo gara Unibertsitatera, nik lo hartu aurretik, albokoari atzo ikasitako dena errepikatzen nion bitartean.
Urduri geunden. Oso. Eta nekatuta... LO.
Nik, azterketa egin eta hamaika eta erdietarako bukatu eta etxera (ohera) joatea baino ez nuen nahi.
Iritsi gara fakultatera. Sartu gara barrura. Eta zergatik ez, okurritu zaio lagun bati, galdetzea harreran egoten den idazkariari, noiz, non den azterketa. (eta pentsatuko duzue... ze zentzu duen azterketa egunean bertan (goizean) galdera honek ezta? Ados, ez du batere zentzurik)

Orduan jakin dugu, azterketa ez zela 9:15etan baizik eta 11:15etan. (eta gu pentsa noiz esnatuta geunden!!)
Baina beno, animoak gora! Gora bihotzak! eta gosaltzera. Zergatik ez, hasi daigun "ondo" eguna...
Kafetegian, apunteak eskuan genituela pasa ditugu falta zitzaizkigun 3 orduak.
Ikasten geundelakoan... apunteak soltatu dituenik ere egon da, baina ez ditugu gugandik urrundu... Baina nik bederen, ez diet denei pasada bat baino gehiago eman.
Alperrik ez. Aspertuta geunden. Bukatzea zen nahi genuena. Bukatzea, eta LOtara joatea.
Bada... iritsi da, orain bai.

-11:15
Azterketa-gela zabalik aurkitu dugu (kopiatu, etabarrak egingo zituztenen zorionerako...). Korrika batean sartu gara gelara. Ume txikiak eskolara bidean joaten diren moduan, oraindik irakaslea ikusteak pozten dituelarik... oraindik euren ikasgelak politak direla...
Norberak bere lekua hartu du. Prest dugu dena, egin beharrekoa egiteko.
Irakaslea bakarrik falta da.

-11:30
Ze ordu da? galdetzen dio jendeak albokoari. Urduritasunak ez gaitu oraindik abandonatu. Gurekin jarraitzen du, inoiz baino gertuago. Hastea nahi dugu. Hasi dadila festa, joan gaitezen denok etxera behingoz me-se-dez!!

-11:45
Haserre dago atzekoa. "Bada ordua" dio, erlojuari begira. Ni ere ez nago gustura. Non dago denok espero dugun hori?
Hasi dira lehen hitzak...lehen pozoi printzak... Irakaslea ordu erdi berandutuz gero gerta daitekeena... eta "aprobao general!" esan du batek bat-batean. Akabo...

-12:00
Iritsi da espero genuen ordua. Pasa da soberan ordua erdia... Eta orain zer? Baliteke? horrela izango ote da? "Aprobao general"?....
Denon izenak idazten hasi gara. Dekanotzara joango gara... galdetu egingo dugu...
........
-12:08
"Kaixo, egunon" esanez sartu da. Ezer pasako ez balitz moduan. Dena ondo balego bezala. Akaso beste ordu batean biziko da hau. Baina klaseak prest zuen atakea. Ordezkaria zain zeukan klase erdi-erdian... normalean berarena izan ohi den leku pribilegiatu horretan... ikasleon ordezkaria.
Lasai-lasai, baina arnasa hartzeko alperrik geratu gabe azaldu dio egoera...
eta hasi da guda! (eta nik nahi nuen bakarra, azterketa egin eta etxera (ohera) joatea zen)
Baina akabo, haserretu gaitu. Zer uste du ba honek! Eta ez da pasako, eta ez da pasako, eta ez da pasatu. Ikasleon eskubideek irabazi dutela esan dut nik.... irakasle autoritarioek galdu dutela horrekin batera.... (eta gero, gero etorriko dira komeriak)

Luze jo dezake honek... irakaslearekin izandako eztabaida guztiak.... dekanotzan nola bukatu dugun....
Baina laburpen modura balio dezakeelako, eta gainera, gure idazkaria benetan ona eta txukuna izan denez, testu ona delako, zuzenean Dekanotzan aurkeztu dugun testua jartzen dizuet...

Aupa gu! behera eskirolak...
Eta orain bai, ura eta berakatza, baina beti bi obarixokin...
Amak esan didan moduan... 10a ateratzeko ikasi beharko da, ondoren 5a akaso jasotzeko!
(edo akaso, pasatuko zaio irakasleari ere, sartu zaion amorrazio hori...agian, apika...jeje...)

Urtarrilaren 21ean, Ikus-entzunezko informazioaren teknologia asignaturaren azterketan emandako gertakarien aurrean, ondorengoa adierazi nahi dugu Kazetaritza Lizentziaturako 3.mailako 31.taldeko hainbat ikaslek:
1.- Azterketa ordua goizeko 11:15etan zegoen zehaztuta. Horren beharrean, asignatura ematen duen irakaslea, X X X jauna, 12:08an heldu da klasera, hau da, zehaztutako ordutik 53 minutura.
2.- Horren aurrean, ikasleok, horrelako atzerapenik arautzen duen estatuturik existitzen den galdetu diogu X jaunari. Horretaz gain, horrelakorik existitzen den konprobatzeko tartea eskatu diogu, fakultateko Dekanotzan galdetzeko tartea ematea hain zuzen ere. Eskakizun hori ukatu egin digu.
3.- Irakasleak, gure eskakizuna ukatzearekin batera, azterketa moldatzeko hautua hartu du. Azterketa egiteko denbora murriztua zegoela argudiatuta, klasean adostutako azterketarako edukien hitzarmena unilateralki apurtu du. Era horretan, adostuta genituen bi galdera ez ditu azterketan jarri. Esan beharra daukagu, bera dela azterketa-denbora murriztearen erantzule bakarra, eta era horretan, azterketa denbora berrira moldatzea ongi ikusten badugu ere, ez da bidezkoa berak edukietan hartutako hitzarmena era horretan apurtzea.
4.- Honekin batera, horrelako gertakizunen inguruan zehaztutako araurik ez egotea salatu nahi dugu. Izan ere, Ikasleok azterketa batera berandu agertzean proba hori egiteko eskubidea galdu dezakegu, baina irakaslearen atzerapenak ez du zigorrik jasaten. Pertsona bakar baten jarrera -berandu heltzea guztiz justifikatua egon badaiteke ere- ezin ditu era horretan baldintzatu hainbeste pertsonen egunerokotasuneko lanak eta bestelako konpromisoak.
5.- Honegatik guztiagatik, irakasleak ikasleen beharretara eta ordutegira moldatuko den azterketa berri bat edo behar beste ipini ditzan exijitzen dugu. Horrekin batera, aurrez edukietan adostutako hitzarmena bete dezan ere exijitzen dugu, bere atzerapenaren erantzule ez garelako azterketara asmo onez aurkeztu garen ikaslek.

Gure eskakizunak kontuan hartuak izango direlakoan, agur bero bat.

AMEN, eta hala izan dadila...

1 comentario:

  1. hala izango delako!!!!

    ....borrokak beraien eremuan garatzen direlako hobekien....zuk eta nik ondo dakigun bezalaxe....klaseak direlako gure borroken jomuga, bertan aurkitzen direlako...gureak diren lubakiak....eta bertatik lortuko ditugulako ikasleon eskubideak!!!

    ....aurrera bolie!!

    ResponderEliminar