2007-11-27

Zergatik ez zinen haserretu?

Gogoratzen dut nola eman didazun jaten.
Nola hartu nauzun besoetan.
Nola maitatu nauzun.
Gogoratzen dut nola haserretzen zinen
nahikoa jaten ez nuenean.
Nola haserretu zinen zure besoetatik
alde egin nuenean.
Nola elkarrekin haserretuta
erakusten genion elkarri,
elkar maite genuela.

Zure mundua erakutsi zenidan.
Nire mundua sortu nuen.
Zuri itxuraz, ez zitzaizun nirea gustatzen.
Zurea ez zelako akaso.
Eta esan egiten zenidan;
behin eta berriz,
entzun nahi ez nuena.
Eta nik erantzun egiten nizun;
behin eta berriz,
sekula entzun ez zenuena.
Eta horrela,
nola elkarrekin haserretuta
erakusten genion elkarri,
elkar maite genuela.

Orain ere hori nahi nuen.
Zu bisitan joan nintzen .
Ikusi zintudan, nahi ez
nuen moduan.
Haserretzen, haserretzen ahalegintzen
nintzen.
Baina ez zenuen erantzuten.
Zurekin haserretu nahi nuen
orain arte bezela
baina ez zen horrela.
Ez zinen nirekin haserretu;
ezin nuen ulertu.

Nola esango dizut maite zaitudala
garrasika ez bada.
Aita beti izan da euskalduna
baina sekula ez bandera zalea.
Amari banderak ere bihotzera iritsi zaizkio,
baina bihotzean gordetzen ikasi zuen.
Ni euskalduna naiz,
eta bihotzetik irteten zaidan indarrarekin
bandera astintzera noa.

2007-11-08


Batzuetan gauzak ez dira ondo irteten.
Eta horrelakoetan galduta sentitzen gara.
Eta triste.
Eta negar egiten dugu.
Eta iristen da momentu bat, negarrez gaudela,
eta ez duguna jakiten zergatik egiten dugun negar.
Baina negarrez jarraitzen dugu, begietan
azkurea sentitu arte.

Eta gero lo hartzen dugu, izara busti artean...
eta esnatzen gara berdin-berdin, triste.
Baina behintzat negar eginda.

Horrela egongo zara zu akaso.

Ondo zer gertatuko den, dena nola joango den
jakiteko gogoa izango duzu.
Eta ez duzu ezer jakingo. Nahiko duzu
atzera egitea.
Eta galdetuko diozu zure buruari zergatik.

Horrelakoetan maitia, zuk bakarrik aurkitu behar duzu
bidea. Zuk erabakiko duzu zer egin.
Nora jo, nola.

Baina badakizu, eta gogoratzen dizut,
hemen nagoela.
Besterik ez bada ere, negar egin behar duzunean,
izarak beharrean, nire eskua bustitzeko.
Esan nahi dizudalako belarrira,
nola ez dakidala, baina berriz ere,
itzuliko dela dena berera.

Lasai politt hori...

Ez nago ziur baina...


Uste dut, baina ez nago ziur,
nire ohe azpian munstro bat dagoela.

Entzuna nien nire lagunei txikitan,
uste zutela euren ohe azpian munstro
bat zegoela.
Nire gurasoen etxeko nire oheak,
azpian ez zeukan zulorik.
Han ez zen munstrorik kabitzen.
Ze munstroak lekua behar dute.
Ze, handiak izaten dira, ez?

Beno, ba esaten nuen moduan,
uste dut nire ohe azpian munstro bat dagoela,
baina ez nago ziur.

Nire lagunei galdetuko diet,
ea eurek ikusi zuten munstroa,
ea nolakoa zen.
Ea zer egiten zien, hitz egin ote zuten noizbait
berarekin.

Nire ohe azpikoak ez dit hitz egiten.
Ez du ezer esaten.
Batzuetan gauzak kentzen dizkidala uste dut.
Nik, ohean idazteko ohitura daukat. Eta gero,
sarri, paperak eta boligrafoa lurrean lagatzen ditut;
oheko zuloaren parean.
Baina hurrengo goizean boligrafoa ez da
hor egoten.
Eta beste askotan, goizetan, goiz
esnatzea nahi izaten dudanean,
iratzargailuari ze ordutan esnatu behar nauen
esaten diot, baina
uste dut munstroak gero berarekin berba egiten
duela, ordu horretan jo ez dezan.

Eta uste dut berotzen dituela izarak nahita,
ni ohean goxo-goxo egon nadin,
eta esnatu ez naiten.
Uste dut nahi duela nik eguna ohean pasatzea.
Bere alboan.
Bakarrik sentituko da akaso.

Eta noizean behin, aspertuta egongo delakoan edo,
hor, boligrafoa lagatzen dudan leku berean,
liburu bat lagatzen diot.
Edo gogoko dudan testuren bat.
Edo idatzi dudan poesiaren bat.
Behintzat zeozer izan dezan entretenitzeko.
Igual berak ere idatziko du.
Horretarako kenduko dit boligrafoa.

Bihar edo etzi,
gaua iristean, kandela batekin
ohe azpian sartzea pentsatu dut.
Igual aurkituko dut ohe azpiko
lur guztia poesiaz beteta,
munstroak idatzita.
Ondo legoke.
Gustura irakurriko nuke munstroak idatzitakoa.

Ba igual ohe azpian geratuko naiz lotan
jeisten naizen egun horretan.
Akaso horrela irtengo da nire ondora.
Igual esango dit zerbait.
Edo igual ez du hitz egiten. edo ez daki. edo ez du nahi.

Beno, eske oraindik ez nago ziur
munstro bat dagoen nire ohe azpian.
Baina... uste dut baietz.
Kontatuko dizuet.

merezi duzulako bakarrik eh...


Ondare historikoei pixa egiten diezu harro.

Gurutze santuak erretzen dituzu jende aurrean.

Olibatzat daukazu zure burua,
arbolatik jauzita moduan.

Inon izena "-x" bukatzeko ohitura arraroa daukazu.

Eta zure mandarina alea topatu duzula diozu.

Ni, zure mandarina alearen laguna naiz,

eta uste dut gaur (edo atzo)

25 urte betetzen direla -lehen aldiz-

arbolatik jauzi zinenetik.

Beraz, ZORIONAK!