2007-11-08

Ez nago ziur baina...


Uste dut, baina ez nago ziur,
nire ohe azpian munstro bat dagoela.

Entzuna nien nire lagunei txikitan,
uste zutela euren ohe azpian munstro
bat zegoela.
Nire gurasoen etxeko nire oheak,
azpian ez zeukan zulorik.
Han ez zen munstrorik kabitzen.
Ze munstroak lekua behar dute.
Ze, handiak izaten dira, ez?

Beno, ba esaten nuen moduan,
uste dut nire ohe azpian munstro bat dagoela,
baina ez nago ziur.

Nire lagunei galdetuko diet,
ea eurek ikusi zuten munstroa,
ea nolakoa zen.
Ea zer egiten zien, hitz egin ote zuten noizbait
berarekin.

Nire ohe azpikoak ez dit hitz egiten.
Ez du ezer esaten.
Batzuetan gauzak kentzen dizkidala uste dut.
Nik, ohean idazteko ohitura daukat. Eta gero,
sarri, paperak eta boligrafoa lurrean lagatzen ditut;
oheko zuloaren parean.
Baina hurrengo goizean boligrafoa ez da
hor egoten.
Eta beste askotan, goizetan, goiz
esnatzea nahi izaten dudanean,
iratzargailuari ze ordutan esnatu behar nauen
esaten diot, baina
uste dut munstroak gero berarekin berba egiten
duela, ordu horretan jo ez dezan.

Eta uste dut berotzen dituela izarak nahita,
ni ohean goxo-goxo egon nadin,
eta esnatu ez naiten.
Uste dut nahi duela nik eguna ohean pasatzea.
Bere alboan.
Bakarrik sentituko da akaso.

Eta noizean behin, aspertuta egongo delakoan edo,
hor, boligrafoa lagatzen dudan leku berean,
liburu bat lagatzen diot.
Edo gogoko dudan testuren bat.
Edo idatzi dudan poesiaren bat.
Behintzat zeozer izan dezan entretenitzeko.
Igual berak ere idatziko du.
Horretarako kenduko dit boligrafoa.

Bihar edo etzi,
gaua iristean, kandela batekin
ohe azpian sartzea pentsatu dut.
Igual aurkituko dut ohe azpiko
lur guztia poesiaz beteta,
munstroak idatzita.
Ondo legoke.
Gustura irakurriko nuke munstroak idatzitakoa.

Ba igual ohe azpian geratuko naiz lotan
jeisten naizen egun horretan.
Akaso horrela irtengo da nire ondora.
Igual esango dit zerbait.
Edo igual ez du hitz egiten. edo ez daki. edo ez du nahi.

Beno, eske oraindik ez nago ziur
munstro bat dagoen nire ohe azpian.
Baina... uste dut baietz.
Kontatuko dizuet.

No hay comentarios:

Publicar un comentario