2007-10-15

Udazkeneko berbak


Begiratzen dut Bilbon
dauden zuhaitz gutxi horien ingurura.
Baina ez didate ezer esaten,
ez dute berba egin nahi.
edo nik ez diet entzuten bestela.
Kotxe zarata gehiegi akaso...
Baina entzun dut badela
Euskal Herrian nonbait,
zuhaitzei berba egiten uzten dien leku bat.
Eta niri,
niri zuhaitzek diotena entzuten
ere lagako didan ingurua omen.
Poliki poliki hasten ei dira berbetan.
Uda osoan jakituria handitu ostean,
jaso ostean nahi izan duten dena,
orduan hasten dira zuhaitzak berbetan.
Eta orduan izaten da polita.
Bertara joan, eta esan nahi duten denari, belarriak zabalduta, lurrean etzanda
geratu nahi dut.
Banan bana, berba bat, eta beste bat botatzen didaten bitartean,
denak jasotzera joango naiz.
Basoko lagun hauen berba bereziek, oso-osorik jazten nauten artean,
goitik behera tapatu arte.
Eta gero, etxera itzuliko naiz, berba horiek guztiak, liburu artean sartuta.
Orain ulertzen dut aitak txikia nintzela,
zergatik sartzen zituen udazkenean jauzitako hostoak liburu artean.
Basoko hitzek ere, liburuak behar baitituzte
mantenduko badira.
Beraz, egon hor Iratiko lagunak,
aurten ez bada ere, joango naiz eta hurrengo urtean,
zuen esanak entzutera.

2 comentarios:

  1. Hark zioen bezala; lagun bat egitea grazia bat da,

    lagun bat edukitzea doai bat eta lagun bat mantentzea bertute bat.

    Hemen aipatzen dituzun moduko lagunak izatea berriz, ohore bat.

    Portzierto, aurreko post-aren harira, ederra udazken kolorez margotutako zuhaitzek esaten dituztenak jasotzea,

    gordetzea eta gero neguaren hotzean, epeltasunez oroitzea. Neu ere apuntatzen naiz, bale? aurten ezpada datorrenean.

    Bilboko zuhaitz hoiek ere edukiko dute zerbait esateko, entzutea da sekretua!!!

    ResponderEliminar
  2. Arrazoia daukazu bai,
    fan number 1.

    Gogoratzen dut zu ezagutu zintudan eguna ere, eta hala izan zen zu ezagutzea, grazia bat...

    doai bihurtu dena...

    eta bertute izan nahi dudana.

    Eta bai, udazken bat ez bada, hurrengoa izango da, kontatu didatenez, zuhaitzek ez daukate ihesean irtetzeko asmorik eta; oraingoz behintzat.

    Gaur ahaleginduko naiz, berriz,
    Bilbokoekin.
    Baditut eta, zuhaitzei egiteko hainbat galdera, erantzunik topatzen ez dieten mordoa.

    Ea oraingoan berritsuago topatzen ditudan.
    Kontatuko dizut.

    ResponderEliminar