2009-01-16

Me-en-can-ta!


Esnatzean barre egitea gustatzen zait.
Esnatzean, barre egiteko arrazoiak izatea gustatzen zait.
Eta horrela esnatu naiz gaur. Pozik. Alai. Gustura. Lasai. Ondo.
Zergatik? nahi dudalako.
Eta lehengo egunean egin nahi nuena lagun horri aitortu ostean,
eta hortaz onartzean, (autoengainu, autorreprimitze, eta autokontrol gabe)
orain egin egin dudalako, nahi nuena.
Eta badakizu zer? Ez diot, egin dudanari, bainarik ikusten.
Akaso, horregatik egongo naiz pozik.
Akaso, horregatik esaten dut, lasai, gustura, alai eta pozik:
Me-en-can-ta!!!
Gaur, ez daukat ezer gehiago esateko.
Musu bat, nahi duenarentzat.

2009-01-15

Querida Guatemala...


Lagun batzuk (orain bertan nazka ematen didaten lagun batzuk)
Mexikora doaz 5 bat hilabete ingururako. Eta jakin, 5 hilabete horien ostean itzuliko diren edo ez.
Nazka ematen didatela aipatu dizut. Eta hala da.
Enbidia baino ez! esango lirake batek, baina nik, nik nazka sentitzen dut.
Guatemalarutz joateko konbenzitu nahian pasa ditut egun hauek. Behin bertan egonda,
paradisua ezagutu gabe ezin direla itzuli esan eta esan nabil...
Eta hau esaten diedan bitartean, aspaldiko partez, hilabete eta erdi hura daukat gogoan inoiz baino gehiago. Han ezagututako lagunak, lekuak, pertsonak, (eta pertsona deitzea merezi ez duten horiek), giroa, paisaia, etxeak, frijolak, cilantroa (hau bai, nazkagarria benetan...), eskola, etxea, familia, beherakoa (ez pentsa, hau ez dut gehiegi faltan botatzen), bertako jatekoa, El Remateko igerilekua, eta euria egiten zueneko kaleetako potzuak, eta merkatu bat, eta beste bat, eta beste bat, eta beste bat.... etortzen zaizkit burura.
Eta Guatemalak berak dituen kolore guzti horiez margotzen zait barrena.
Eta besterik ez bada ere, han ez banago ere, hauek egongo direnaren esperantzan, koloretan bizi naiz.
Bertan ezagututako koloreekin, nire mundua margotzen jarraituko dut, berriz, hara itzuli artean.

2009-01-14

kontrolatzearen reprimitzea


Zenbat lagun dituzu inoiz esan dizutenak,
“nahi dut baina…”?
Eta zenbat lagun dituzu nahi dut baina hori esan ostean,
nahi zutena egiten amaitu dutenak?
Nik neuk, mordoxka bat. Izenak ere esango nizkizuke, baina badakizu,
nahi zutenez, baina bazenez, baina bat, ez dut izenik emango.

Auto kontrola, auto-reprimitzea bilakatzen dela esaten dugu sarri.
Eta reprimitzea, ez dela ona.
Baina bada, reprimitzea, auto-reprimitzea baino txarragorik.
Auto-engañatzea deitzen diot nik.

Ingurukoei zerbait esateak, gure buruan jira eta buelta dabilen
edozer gauza ahotik irten eta norbaitekin konpartitzeak, onarpea ekartzen dio norberari.
Zerbait gaizki egin dugula jakin, eta hori esateak, ekartzen digu benetan gaizki egin dugula onartzea.

Eta era berean, uste dugu, albokoari egin nahi duguna aitortu, eta horrek daukan alde “txarra” onartzen badiogu, nolabaiteko zilegitasun bat lortzen dugula.
Esan baitugu, onartu baitugu, egin nahi duguna egitea, badakigula gaizki dagoela. Albokoari, egin nahi duguna egingo ez dugula, edo behintzat, izatez egin nahi ez dugula sinestuarazi nahi izaten diogu.

Horrela, nahi genuena egindakoan, eta alboko hura, kontu eske datorkigunean, leporatu behar digun hori, aurreko egunean guk geuk esandakoa izango da, eta hortaz, ez du, guri leporatzeko ezer berririk izango.

Eta hala, une batez, edo gehiagoz, gu geu sinestera iritsiko gara, egin dugun hori, ez dugula nahi genuelako egin, barrutik irten zaigulako baizik.

Izan ere, guk, onartu genuen lehenago, egin nahi genuen hori, ez zegoela ondo.
Bazuela, baina bat.

Eta horrela jarraituko dugu, ez reprimitzearren, geure burua kontrolatzen ez dugun bitartean.


2009-01-12

Hankahutsik berriro


Hankahutsik nator berriro, zuregana.

Kendu ditut oinetakoak, eta prest nago,
hanka azpietan sortu zaidan azal fin hau jaso artean, hankak urratu artean, arituko natzaizu berriro... ohiko zen moduan.

Denbora pasa da azken alditik. Euri asko egin duela esango du batek, euria izoztu zaigula esango dizut nik.
Hortaz, korrika ere hasi gabe, baina berriro inon geratu gabe noan aurrera, hankak izozterik ere ez dut eta nahi.

Musu bat,
Aspaldi zapaldu ez zaitudan, lur maitea.

2008-01-22

Lotsa gutxi


Lotsatu egingo nintzateke zu banintz. Pentsatzen jarri naiz, eta benetan. Aurpegia gorrituko litzaidake. Burumakur geratu, esan berriagatik. Baina zuk kontrakoa egin duzu.

Esan egin duzu, gustura jarraitu duzu, eta oraindik ere harro jarraitu duzu gure inguruan, barrezka, guri begira.

Maite dudanari barre egin diozu nire aurrean.

Ezer balioko ez balu bezala zuzendu zara, edozer esanez, edozelan.

Mespretxuz jardun diozu berari, eta ondorioz niri. Laguna dudalako. Txikitatik ezagutzen dudalako izango da akaso. Ezagutu nuenetik alboan izan dudalako. Lagundu izan didalako. Erakutsi didalako beste gauza asko, berarengandik, etxekotik haratago daudenak, gustatu zaizkidanak. Egunero eragiten didalako irribarre txiki bat edo beste. Egiten dizkidalako kilimak mingainean; belarrietan. Berarekin bizi naizelako…eta bizi nahi dudalako.

Horregatik. Lotsatu egingo nintzateke zu banintz. Ni banintz, bizi zaren lekuan bizita bera ezagutzerik nahi izango ez banu. Lotsatu egingo nintzateke norbaitek bere laguntzaz zerbait esan nahi izan eta mespretxatuko banu. Lotsatu barre egingo banio halako miresmena merezi duenari.

Horregatik lotsatu naiz zure partez, gaur, zuri zerbait euskaraz galdetu, eta alemanez erantzun didazunean. Jarraitu duzunean alemanez, nik ezer ez ulertuta, segi duzunean frantsesez, harro-harro.

Mespretxatu duzulako nik maite dudana. Euskara ez erabiltzearen lotsagabekeriaz lotsatuko bazina behintzat, lotsagabe halakoa.

2008-01-21

Berriro ni


Azken lu hilabete hauetan
denetik egin dut.
Hazi egin naiz. Eta hezi.
Ikasi egin dut; eta asko.
Baina geratu dira gauza
batzuk egiteko
Atzean utzitakoa.
Orain egin beharrekoak.
Indarra izan dut. Asko.
Nekatu egin naiz.
Eta deskantsatu dut.
Orain indartsu nago berriro.
Eta egingo dut, egin beharrekoa.
Prest nagoelako;
merezi dudalako.
Nik.
Egingo dut.

2007-12-04

Bakarrik zaude...


Itxi begiak.
Ez pentsatu. Bestela txarrago
izango da.
Ez begiratu inora.
Lasai; bakarrik zaude.
Ez dago inor inguruan.
Ez dizu inork hitz egin.
Ez; ez da alboan jarri.
Hori ez duzu sentitu.
Ez dizu inork eskua eman.
Esku hotzik.
Zuk begiratu aurrera lasai.
Alboan inor ez balego bezala.
Bakarrik bazeunde bezala.
Ez duzu ezer entzuten.
Ez entzun berak esaten dizuna.
Ez entzun.

Baina nora zoaz?
Baina...
Egon geldi. Ez,
ez egin kasurik.
Lasai; entzun.
Piztu argia.
Piztu argia.
Oso ondo. Begiratu
ingurura.
Ez dago.
Ondo da.
Ez itzali argia.
Laga argia piztuta.
Ez dut eta ikusi nahi.