2012-12-14

Horiek ala gu?

Horiek ari ziren dantzan gaur bukatuko bailitzan. Gu barrezka. Tragoa eskuan, dantzan-edo, bazter batean. Horiek egiten zioten keinu abeslariari gaur bukatuko bailitzan. Horiek kali, guk kriantza. Zaharra zara Bilbo... Joaten ginen patinekin gauez zurekin. Margotu genuen etorkizuna rosa eta gorri. Egin genuen apologia merke hori: klasetik kanpo ikasten nabil... liburutan baino gehiago. Margotu genituen ezpainak. Eta sudurrak gorri. Zuekin ikasi nuen zer zen hura eta hori. Egin mila teoria... Analfabeto sentimentalak topatu, poliak bilakatu polis. Eta hala, horiek ari ziren dantzan gaur bukatuko bailitzan. Horiek dira gu, (h)egoak ebaki aurretik

2012-01-18

uste duzu bidea egina duzula. barrua daukazula ondo markatuta bidegurutzeak.
eta ez dagoela bidezidorrik. eta ezagutzen duzula primeran dena; mapa batean bezala.
Inork, inoiz, zure barruko plano hori marraztu izan balu moduan, zuri begira, eta ispiluan.
eta kaka.
ohartzen zara, zuk ez bezala,
tristurak ezagutzen dituela zirrikitu guztiak. eta beteta zeuden bide horietan potzu sakonak asmatzen dituela de la nada.
eta mapan galtzen zara, eta ispiluan galtzen zara... ez dakizulako nondik sartu den eta zehazki non dabilen...
baina punta batetik bestera somatzen duzulako bera, tristura.
eta bere pisua.

2011-11-07

lo egiteko eskatu zidan gorputzak.
baina nik dantza egin nahi nuen.

Alderantziz izaten da txarra.
(hemen ere, berandu baino lehen, jarriko ditut atzamarrak dantzan)

2011-06-25

Batzuetan suak, ez du erretzeko ezer behar

Uste nuen zela... la noche me confunde.
Ez zuen San Juan gauak, Solstizioak, egun-gau dena delako luzeenak... berezitik asko izan niretzat. Baina tradizioak, lehen-lehen-lehengo tradizioak agindu moduan, sua piztu nuen, eta ondoren, busti nintzen errekan.
Horren da erraza batzuetan zurekin elkartzea. Eta besteetan, horren zail suaren gainetik salto egiten...
Eskerrak behintzat, erreka guztiak ez diren sikatu,
eta urtegi honetan, oparo dagoen ura oraindik;
inork, aterik, zabaldu beharrik gabe.

2011-05-26

Lurralde okupatuak

Lurralde okupatuak ez daki zer zen lehen;
ezer ba(ote)zen.
Lurralde okupatuak ez dio iraganari zor,
ez dio fideltasunik eskainiko eskuan.
Lurralde okupatuari inork ez dio esan, etorkizuna badela.
Lurralde okupatuari inork ez dio galdetu, okupatua izan nahi ote zuen.

Lurralde okupatu bat naiz; lehen ez
nintzen.
Ez etorri gogorarazi nahian ezer niri, ez
dizu balioko. Ez dut eskurik gordetzen bizkarrean.
Alferrik begiratuko dut leihotik. Ez da deus ikusten.
Ez daukat erantzunik, galderentzat.

Lurralde okupatu bat naiz;
lehen ezer (ez) nintzen.

2011-05-08

Hatoz niregana, aspaldiko.
Azken aldian, azkar doa eta denbora, eguna... antsietate arraro batek okupatu dit gorputza,
presarik ezertarako ez eta,
hala
ere jan beharrak ito nau zurekin gaur, berriz.
Bizi beharrak, bizi nau. Hil arte. Gaur.
Zure beharra ere banuen. Beti gertatzen zait berdin. Bapatean, zu.
Orduan, denak balio du. Zurekin soilik, ni.
Masailak bustitzen zaizkit lehenengo,
umel, lodi, gorri. Zurekin, ni.
Ez da hitzik alferrik, inori ezer esan beharrik, gorputz okupaturik antsietateak.
Soilik zurekin, okupaturik, busti;
ezer azaldu beharrik, ulertu; barik.
Garrasi, oihu, edo isilik. Beste
(behin) zurekin. Busti. Izarak batu arte gurera,
almoada izan arte hirugarren besoa.
Aurpegia zait likats. Barrua lasaitzen doa; beste astindualdi bat betor...
behin bustitzen hasita, musuzapiraino.
Ulertu beharrik ez ezer, azaldu, inori; bizi beharrik ez ezer, bizi, inorentzat.
Ez du behar zentzurik gureak. Horregatik zatoz zu. Deitu gabe.
Etorri, busti, eta joan egiten dakizulako; bota gabe.
Gaurkoz nahikoa da eta, plazer bat izan da.
Hemen duzu, masail bat zuri...
azken malkoa izan da hori.

2011-04-25

poesia izan zen

Ez dut hitzik irakurri, entzun; paper batean edo batetik. Ez zaitut belauniko somatu nire aurrean, ez zait prestatutako testurik iritsi belarrietara.
Poetak ez du beti, paper baten beharrik.
Poesia, ez da poltsikora sartu daitekeen paperean kabitzen bakarrik.