2010-12-30

eta ez naiz ni izan

Inoiz begiratuko ez nionari begira nengoen. 20, 21, ez dakit, 22... mutil baloiaren atzetik; eta neu begira. Inork ez zidan esan... euskaldun izatia zein nekeza dan... ezin esan baina gaizki pasatu dudanik. Ez galdetu nori egin dioten txalo, nor agertuko den lehen planoan, nork eman dituen hiru ostikadak. Ez nituen ezagutzen. Zu ere ez asko. Zuk ere ez ni asko. Baina bazirudien baietz. Inori lapurtutako hitzak bota dizkidazu, inoiz norbaiti entzundako hitz solteak... denak, entzundakoaren kontrara, alderantziz. Esku artean zenuena izango zen. Horrek nahastuko zintuen, akaso.
Ostikada nork jo duen ere aipatu duzu behin edo behin. Txalo egin diozu, aupadaka. Gero, ez da asko gehiago behar izan. Gauak egiten du berea. Gertuegi ginen.
Laster altxatu duzu. Azkar busti zara-naiz-nauzu. Ez nuen halakorik espero. Likatsu laga dizkidazu izter aldea, sabelaren bazterra eta atzamar bat baino gehiago. (Busti egin gara, eta ez naiz ni izan)
Pena, gainera bota didazun tragoak baino ez gaituela busti gaurkoan.
Inork ez zidan esan... euskaldun izatia zein nekeza dan...

2010-12-20

Norbaiti bihotza oparitu zion horri...

Bai, zuri idazteko gogoz nago.
Ez dut gehiegi pentsatu idatzi behar dudan honetan. Egia esan, hitzak bakarrik ateratzen dira, eta presaka nabil gainera, beraz, hemen doa. Laneko mezu baten zain edo hartu dut ordenagailua eta sartu naiz nire email pertsonalean; nire harridura ez gustukorako zure mezu bat aurkitu dut sarrera ontzian.
Ezer baino lehen, eta datozen hitzak horrelakorik adieraziko ez dutenez, eskerrak eman behar dizkizut beste ezertan hasi aurretik. Nire helbidera idatzi didazun mezu horretan azaltzen duzun moduan, bai, abenduaren 22a asteazkena da, eta nik gaizki jarri nuen blogean. Eskerrik asko beraz.
Baina hemendik aurrera, zure bihotz galdu plantan jarraitu nahi baduzu, anonimotasunetik idazten, geratu zaitez blog ireki honek ematen dizkizun pribilegioen barruan.
Pasa den astean, lagun batek baino gehiagok gomendatu zidan zure iruzkinak borratzeko, blogeko iruzkinak egiteko aukera ixteko... posible delako zure intentzio onenarekin idatzi izana iruzkinak, baina ezin duzulako zeuk ere ukatu, erdiak ez direla ulertzen, eta beste erdietan halako misterio ez erakargarri bat azaltzen duzula. Nik ezetz erantzun nien. Blogak bere horretan jarraituko zuela. Baina neuk ere ez dut ukatuko; misterio horrek aspertu egin ninduen azkenerako.
Ohartuko zinen, blogak bere horretan jarraitzen duela. Iruzkinak egiten jarraitu dezakezu, planteatu nahi izanez gero nik neuk bederen ulertuko ez ditudan ekuazio matematiko arraroak, idatzi poesiak zenbakien birtuteen inguruan, baina gauza bat utzi nahi dizut argi, eta hemendik, publikoki: nor zaren ez dakidan bitartean, ez berriz niri mezurik idatzi nire email helbidera. Hori lagun, ezagun, eta konfiantzazko jendearentzako helbide bat da; besteontzat, hemen egonda nahikoa.
Barregarria iruditzen zait egoera hau. Ia-ia lepoa jokatuko nuke ezaguna zarela, zerbait gehiago ere jokatuko nuke, akaso laguna ere bazaitudala... adarra jotzeko modu xelebrea zurea. Deituidazu bordea nahi izanez gero, arraroa irudituko zaizu akaso, baina ez zait zure mezua gustatu.
Eta beste gauzatxo bat esango dizut. Horrela, pikatuta harrapatu nauzulako: zure bihotz lapurretaren perfil zibernetiko horretan, kontuz ibili; ez duzu eta beti mrbastelcorazon delakoa berdin idazten! eta azken aldian denbora asko daukat libre, internetean ikerketak abiatzeko. Ez zara uste duzun bezain anonimoa.
Hurrengo ikusten zaitudanean, keinu egingo dizut begiaz. Honez gero bihotza berreskuratu baduzu, hitz egin dezakegu aurrez aurre matematikaz, edo literaturaz. Bestela, topatuko gara berriz ere hemen.

Zeuk bidalitako mezuan esan didazun moduan... Ondo izan!

2010-12-09

Neguak, hori da duena

Ze hotz.
Esaten dit txamarra handidun lagunak.
Belarriak ere estali dizkio artile beltzak.
Malko batek busti dio ezkerreko begia.

Euskal Herri tropikala.
Erantzun diot nik, barrezka
eta gerritik heldu diot, ez dezan berriro errepikatu... ze hotz.

Baina batek badaki, hemen bizi bada, horrela behar duela neguak. Eskularruak, txamarra handia eta artilea, denaren gainetik artilea (nahiz modan jarri duen Durangesadoak bestelako Himalaya-moda bat) behar dituela neguak kalean ibiliko bada. Eta bada beste gauza bat. Baselina. Ezpainei ez dielako ezer zor neguak Euskal Herrian, ez dielako barkamenik zor. Treguarik ere ez. Eta bere horretan, ezpainak zartatu egiten dituelako neguak, edo bere hotzak.
Eta hotz horretatik atera nahian dabilenak, bero bila gerritik helduta, ikusiko du... hotzak ez ezik, beroak ere zartatzen dituela ezpain batzuk Euskal Herrian.
Beraz, orain gutxi, ezpainez betetako lagun arte bero hartan esaten genuen moduan... ante todo, baselina al cuerpo! Ez dadila izan hotza, gorputza dar-daraka jarriko diguna!

2010-12-03

Ostiral goizeko galderak

Zer da erromantikoagoa, euria ala elurra? Zer da politagoa, kaio 1 erreka (itsas adar) gainean hegan, ala 11 kaio Bilboko Erriberako barandila zurian kieto-kieto?
Zerk bustitzen gaitu gehiago, euriak ala txingorrak? Zerk ematen digu min?
Zergatik diogu beldurra etxera bakarrik joateari? Atzetik segika daukagun horregatik ala ez delako hori atzetik etorri?
Nork esan zigun 1 + 1, 2 zirela? Noiz sinestu genuen hori?

Zergatik uste dugu galdera guztiek behar dutela erantzun bat, eta bakarra?
matematika ordu gehiegi dago eskoletan, edo matematika gehiegi erabili da literaturan. 2etako1.