2009-06-14

Gaupasa baten kronika.2

Literatura ikasten, literatura egiten hasten garenean, uzten diogu ikasteari.

00:13
Kronika bat.

badakit, bai, ziur naiz, jada...

hau kronika bat izango dena, badakit.

Orduak aurrera joan, eta apunte-orriak aurreratzen ez diren bitartean...

kronika luze bat jasotzear zaude.

gaupasa baten kronika. 2.



01:19
Duintasunaz

Joxe Anton Artzeren oinarrizko kezka, gizakiaren duintasuna omen zen.
Ez ote da, duintasuna bera ere galtzea izango,
ordu hauetan ikasten aritzea?

Pena, nire oinarrizko kezka ez dela, neronen duintasuna.
Bestela, aspaldi nengoke ametsetan.



02:15
Kafearen boikota

Coca-colari egin diot orain artean,
boikota.

Baina bukatu da.
Gaurtik aurrera, ene kafeina maitea, nazkaz begiratuko dizut zure
begi marroietara.

Ez uste engainatuko nauzunik. Eroriko naizenik zure tranpan.

Azken urtean Pepsi-a maite dudan adina,
gozatuko dut tea, hemendik aurrera. Zigarroak, berarekin konpartituko ditut,
zu, inbidiaz barraren beste aldetik begira zauden bitartean.

Ala uste al duzu, debalde irtengo zaizula, gaur gauekoa?
Fideltasunaren eredu izan nauzunean,
zure tazako arrastora makurtua, zure usainera kateatua, zure zaporera engantxatua.
Uste al duzu, barkatuko dizudala, gaur egindakoa?

Yonkiari, txuteak bata bestearen atzetik datorren txuteak, nahiz izan enegarren txutea, beti egingo dio, on (edo kalte), baina sekula ez kale.

Nola atrebitu zara, zu, orduan, eh kafe? Nola?
Lotsarik ez al dizu ematen?

Jakin bukatu dela gure artekoa.
Ez dizut ukatuko. Polita izan da. Liluratu egin nauzu.

Tontotuta eduki nauzu, goiz, eguerdi, gauetan.

Gaur arte.

Behar izan zaitudanean, lo hartzen, laga didazun arte.

Maitasunez, amorruz, eta logurez,

betiko, agur. (eta ohore)


Jean Paul, nahiago nuen zurekin

Kaixo maitea,
Orain lau hilabete izango dira. Halakoak izaten dira gure tarteak. Liburu-buru-aburuen artekoak. Luzeak diruditen tarte motzak, edo motz geratzen diren, tarte luzeak...

Baina esaten dizut Jean Paul, zinez,
nahiago nuela zurekin pasa gaurkoan ere gau(pasa). Eta Simonekin, nola ez, azken hartan bezala. Saizarbitoriaren bisita ere gustura hartuko nuke.
Ez zait ondo jausten Bilintx. Bere tristezia horrekin... tristetu baino ez nau egiten. Melankoliko santua. Iparragirre ezagutuko nukeela ez dizut ukatuko. Baina zer esatea nahi duzu ba, ezagutzen ditut lehenago ere horrelakoak. Herriari kantatzen diotenak.
Mirande ere, ez dakit, ez zait gustatzen. Ez behintzat zuek beste.
Eta ados, bai, Nietzcherekin hartuko nuke trago bat. Baina jakitzearren soilik, ea benetan halakoa zen.

Gainontzean matte, zuek nahi zaituztet, nire paperetan, orain lau hilabeteko gaur hartan bezala. Nire belarrietan. Begietan.
Orduan bai, orduan te gorririk ere ez nuen beharko, esna mantentzeko.
Baina laga egingo zaitut, prestatu berri dudan tea hoztuko zait bestela.

2009-06-02

Gora Azkuna!

Denek ere, den dena ez dutelako gaizki egiten, Gora azkuna!!

gogoratzen al duzu, bai, bai, zuk, nola eman genituen azkenengo azterketen egun lu-ze haiek? Non, eta nola? Zoratu ginela uste zuenik ere izan zen (eta ordutik onera egin dugula dudan jartzen duenik ere bada oraindik)

Beno, ba ba gauza batzuk aldatu zirela esan nizuen lehengoan, eta hala da.

Gure hiriburu kosmopolita(eta polit) honetan, Azkunak fabore handi bat egin digu guri. Internet gero eta gehiago maite dugunoi.
Wifia dago plazetan! Wifia dago nire etxe ondoko plazan! Eta urdin-urdina dago zerua! Eta ni... ni jada imajinatu duzun lekuan nago bai.
Plazara jeitsi naiz. Nire pisukideak erosi berri duen kilo erdiko portatiltxoa eskuan hartuta. Eta hemen nago, egin beharrekoak egiten ditudan bitartean, eguzkia hartzen.

Zerbaitek esaten dit barruan, oraingo azterketen kronikak, zertxobait beroagoak izan behar dutela.
Eta ez horrenbeste idatziko ditudan hitzengatik!

Baina bai maitte, nik ere botatzen ditut, hala ere, sukalde hotzeko zigarro beroak, berba epelak, eta ordu luzeak.